Bihar, 16:30etatik aurrera, Fanderia zelaian, Touring eta Ostadar-Plagamania-ren buruz burukoan taldeko lehen postua izango da lehian eta herriko taldeak mailaz igo nahi badu ezinbestekoa du partida irabaztea.
Denboraldi txukuna egin du Mikel Martijak eta Asier Gorostegik zuzentzen duten erregional taldeak, hogei partida irabazi, lau partida galdu eta bi berdindu ditu.
Taldeari babesa
Honela, Ostadarreko lehen taldeko jokalariei babesa, laguntza eta berotasuna eman nahian Ostadar S.K.T-eko ordezkariek jarraitzaileei eta kirolaren zaletuei partida ikusteko gonbitea luzatzen diete.
Zaletuek elkarrekin trenez joateko hitzordua egin dute 15:15ean Euskotreneko geltokian, 15:29ko trena hartzeko. Trikitilariak ere ez dira faltako.
Taldeari babesa emateko kamixetak ere egin dituzte eta hauek 6 eurotan salgai daude Ostadarreko bulegoan.
Elkarteko ordezkariek larunbat arratsaldean kirol festaz gozatzea eta jai giroak gailentzea espero dute.
