Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratuaren etenaldiak, eta lurraldeko zenbait udalerrik atez ateko bilketa sistema ezarri behar dutelako jakinarazpenak sortutako jokaleku berria kontuan harturik zabor kudeaketa-plangintza eta azpiegituren plana berraztertzeko asmoak Gipuzkoako hondakin kudeaketari buruzko eztabaida berpiztu egin dute.
Zenbait Alderdi-buruzagik komunikabide jakin batzuen laguntzaz gizartean alarma sortzeari ekin diote, arduragabekeriaz, porrot arriskuaz eta berehalako kolapsoaz hitz eginez.
Zaborren kudeaketaren gaiari aurre egiteko ordua iritsi delakoan gaude. Hartu beharreko erabaki egokiak hartze aldera arazoaren izaera eta tamaina, eta ingurunean, ekonomian eta gizartean dituen ondorioak aztertu behar ditugu. Gure ustez, Lasarte-Oriak ezin du eztabaida hau denbora gehiagoz atzeratu.
Horretarako, proposatzen dugu hiritar-foroa edo eztabaida talde bat osatzea. Taldearen eginkizunak beharrezko informazioa biltzea eta -espiritu positiboaz, apriorismorik zein aurreiritzi partidistarik gabe, parametro objetibo neurgarrien oinarrituz- oinarrizko adostasunak eta partekatutako helburu batzuek lortzen ahalegintzea, murrizketa (birziklatu ezin den hondakin zatia minimizatzea eta Zero Zabor programa bat lantzea), berrerabilpena, birziklapena (gaikako bilketa tasa maximizatzea), ala materia organikoaren banakako zein taldeko konpostatzea bezalako gaietan, eta horretarako guztiarako Ekintza Plana egitea.
Guk, gure aldetik, eztabaida pizteko eta gaia herritarrei hurbiltzeko asmoz, hondakinei buruzko jardunaldi batzuek antolatu behar ditugu, honako jarduerak sartuko direla, besteak beste: Gipuzkoako hondakin kudeaketaren gaur egungo egoerari buruzko hitzaldi bat, bideo emanaldi bat, gure herriko lur azpiko edukiontzi multzoetatik ibilbide bat, eta 5. edukiontziaren eta atez atekoaren funtzionamendua ezagutzeko, Donostiara eta Usurbilera bisitak. Datozen egunetan jakinaraziko dugu jardunaldi hauen programa.
Lasarte-Oria Bizirik!