Hondakinen kudeaketarako asmo berriak

maider-azurmendi 2012ko apirilaren 20a

Lasarte-Oriako Bilduk herrian konpostatzaile gehiago jartzeko asmoa eta berrerabilera sustatzeko ekimenak bultzatuko dituela azaldu du gaurko agerraldian. Zaborren arazoaren inguruan informazio gehiago emateko Gipuzkoa Zero Zaborreko kideekin hitzaldia antolatu dute asteazkenerako.

Zabaleta auzoan kokatuta dagoen konpostagailuan Bilduko udal taldeak agerraldia egin du gaur hondakinen inguruko arazoei aurre egiteko asmoez. Pablo Barrio alkatearen hitzetan "Benetako arazoak ditugu hondakinekin, urteak daramatzagu edukiontziekin birziklatzeko asmotan baina sistema ahitua dago". Gaur egungo sistemarekin herrian birziklatzen dena ez da %30era iristen %90a birziklagarria denean. "Denok birziklatzen dugula esaten dugu baina errealitatea da %70 zabortegira bideratzen ari garela. Gure kasuan gainera errauskailu baten eraikuntza baten eta honen eragin kaltegarria pairatzeko arriskuan gaude".

Hau ikusita Lasarte-Oriako Bilduk hondakinak murriztu berrerabili eta birziklatzeko hautua egiten duela azpimarratu nahi izan dute. "Horretarako gure esku ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu ahal den modu eraginkorrean daukagun arazoa konpontzeko". Honela hainbat asmo azaldu ditu alkateak, besteak beste auzoz auzo birziklatzeko atera diren proposamenak gauzatu nahi dituztela. "Adibidez, herritarrei larria iruditzen zaie txakurren gorotzak eta hau konpostatzeko sistema berri bat aztertzen ari gara". Bestetik, herritarrek auzo ezberdinetan konpostatzeko aukera izan dezaten konpostagailuak jartzen saiatuko direla esan du ere Barriok. Horretaz gain, murrizketa eta berrerabilpenean hainbat asmo dituztela aurreratu dute. "Momentuz Okendon Arkitekturako ikasleekin hasi behar dugu ekimena udalaren material zaharra berrerabiliz altzariak egin ditzaten".

Azkenik, herritarrek hondakinen arazo larria hobeto ezagut dezaten, informatzeko lana egingo da asteazkenean 19:00etan kultur etxean antolatutako hitzaldian. Honetan Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak izango dira hizlari.