21_Kulturaz betetako asteburuan, musika eta antzerkia protagonista

jon-altuna-egitegi 2012ko apirilaren 21a

Hainbat kultur jarduera egiten dira astea joan eta astea etorri gure herrian. Oraingo honetan, musika kontzertuak eta antzerkia emanaldi bat izan ditugu. Ostiralean “Bluestock” taldeak Jalgi Kafe Antzokian jo zuen, Abend-en berriz, nazioartean oihartzun handia lortu duen Rise To Fall death-metal talde entzutetsua izan genuen, Lion Head urnietarrekin batera. Larunbatean, “Hareazko ipuinak” antzerki hunkigarria izan zen ikusgai kultur-etxean.

Xpressionk-ek antolatutako ostiraleko kontzertuak eta Markeliñe taldearen “Hareazko ipuinak” antzerkia izan ditugu asteburuan herrrian.

Jalgin, Bluestock

Zarautzetik etorri zen “Bluestock” taldea, eta izenak dioen bezala, blues eta rock´and´roll doinuak izan ziren nagusi ostiraleko kontzertuan.
Euskarazko abesti propioak ingelesezko bertsio klasikoekin uztartu zituzten emanaldia ikustera joan zen jendearen gozamenerako.

Abend-en, Rise To Fall

Kontzertu paregabea eskaini zuen Rise To Fall talde entzutetsuak. Bizkaia aldetik etorritako boskoteak maila oneko deth-metal kontzertua eskaini zuen ostiral gauean Abend kafe antzokian eta ikusleek kalitatezko musika kontzertu bat dastatu ahal izan zuten.
Herriko jende asko bazegoen arren, nabarmentzekoa izan zen kanpotik etorritako musika-zaleen kopuru altua, Euskal Herri, Espainia zein nazioartean arrakasta handia baitu Rise To Fall-ek.
Apirilaren 9an aurkeztu zuten euren azken diskoa, "Defying the Gods”, eta ostiraleko kontzertua kantu berriak jendaurrera eramateko baliatu zuten, berriki Japonian izan baitira bira egiten.
Rise To Fall-en aurretik, Lion Head talde urnietarra izan zen oholtza gainean.

Hareazko ipuinak

Minbiziaren gai korapilatsua landu zuten larunbateko antzerkian. Haurra gaixo duen aitak txikitxoari poztasuna eta bizitzarekiko duen filosofia baikorra igorri zizkion.

Txotxongilo eta zuzeneko musikaren bidez, duintasunez jorratu zuten minbiziaren gaia.