23_Hitzak protagonista liburuaren egunean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko apirilaren 23a

Herrian Liburuaren Nazioarteko eguna ospatuko dute EPAko ikasleek baita Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako ikasleek ere. Bozeramaileen batzordeak liburuen eta irakurzaletasunaren sustapenerako politika publikoei buruzko erakunde-adierazpena onartu du .

Iazko irakurketa kultur-etxeko aretoan egin zuten eta jende mordoa bildu zen.
Gaur hainbat izango dira liburuaren eguna herrian ospatzeko ekimenak. EPAko ikasleek ekimen berezia antolatu dute arratsalderako Manuel Lekuona kultur-etxean 16:30ean. Honetan ikasleek euren lanak irakurriko dituzte. Hauek euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez izango dira,eskolan ikasten diren hizkuntza guztietan.
Ohi bezala egun honetan omenalditxoa egingo zaio ikasle bati. Ekitaldian bestelako sorpresak egongo direla ere aurreratu dute antolatzaileek. Aurtengoan ekitaldia Manuel Lekuonan egingo denez, nahi duten herritarrek entzule modura joan ahal izango direla adierazi dute eskolatik, ikasleen familia eta lagunekin batera “irakurketa hunkigarriak izaten dira eta benetan politak edozeinek entzuteko modukoak”. Festa honi bukaera ona emateko, merienda egingo dute ikasleek.

Irakurzaletasuna eskolan
Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetan gaurko hainbat ekimen prestatu dituzte euren klase ordutan. Landaberriren kasuan, liburu trukaketa burutuko dute lehen aldiz. Ikasleek etxean erabiltzen ez dituzten liburuak eskolara eramango dituzte eta trukean beste ikasleek ekarritakoen artean bat eramango dute etxera. Liburutegiko arduradunak azaldu moduan lehen urtea da hau egiten dela eta harrera ona izatea espero dute.
Sasoeta-Zumaburun ere dinamika bereziak antolatu dituzte, hauek ikasgeletan “On Kixote” liburuaren irakurketa egingo dute, maila ezberdinetarako idatzitako bertsioak hain zuzen gazteleraz eta euskarazko itzulpena beste kasu batzuetan. Eskulanetan Kixote artikulatua egingo dute ikasleek ere eta orrialde erakusleak. Horretaz gain 5. mailako ikasleek egindako liburuxkaren aurkezpena egingo diete beste ikasleei. Irakasleek beren aldetik, liburutegian Don Quijote liburuaren lehen kapitulua irakurriko dute.

Erakunde-adierazpena
Liburuen eta irakurzaletasunaren sustapenerako politika publikoei buruzko erakunde-adierazpena onartu du bozeramaileen batzordeak. “Lasarte Oriako Udalak bere konfiantza adierazi nahi du liburuarengan, kulturarengan, informazioarengan, eta, bereziki, garai hauetan herritarrak bitarteko horietara iristeko benetan demokratizatzen ari diren liburutegi publikoengan eta kultur-zentroengan.
Noizbehinkako oroitzapen horretatik haratago, urte garai honetan ohikoa den bezala, ganbera honek liburuaren eta irakurzaletasunaren sustapenerako apustua azpimarratu nahi du eta ahalik eta herritar gehienengana zabaldu nahi du, ez soilik irakurketaz goza dezaten, liburua baita kulturarako sarbide oinarrizko eta nagusia.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Lasarte Oriako udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho batez, honako erakunde adierazpena onartzen du:
1. Lasarte Oriako Udalak, irakurzaletasuna sustatuko duen politika publiko baten aldeko apustua egiten du, baita martxan dauden politikak koordinatzearen eta gehitzearen ondorio izango den liburutegi politika baten alde ere, eta Gipuzkoako lurraldeko administrazio publikoek garatu ahal izango dutena.
2. Lasarte Oriako Udalak herritarrei dei egiten dio irakurketarako ohitura har dezan, eta haurren eta gazteen artean jarduera hau susta dezan. Gipuzkoako eta Euskadiko erakunde ezberdinei ere dei egiten die irakurzaletasuna eta egile euskaldunak (euskaraz idazten dutenak) bultzatzeko planak ezar ditzan.
3. Lasarte-Oriako Udala konprometitzen da 2012. urteko aurrekontuak Udal Liburutegiaren bibliografia-ondarea handitzeko eta berritzeko inbertsiorako partida ekonomikoa izango duela”.