Eraikuntza saileko irakaslea da Josemi Martinez Rico. Nerea Sanchez herriko alkateordeak arkitektura ikasketak burututa izanda, berarekin harremanetan jarri zen Okendo plaza berrian zerbait sortzeko proposamenarekin. Irakasleak erronka onartu eta lanean jarri zituen hirugarren mailako bere ikasleak.
Nola sortu zen ekimen hau burutzeko ideia?
Nerea Sanchez: Orain zinegotzi izanda baina arkitektura ikasle izandakoa, ondo ezagutzen nuen irakasle batzuen lana. Okendo plaza egun espazio handia da eta egitura baten beharra ikusten nuen horregatik pentsatu nuen honetan zerbait egin zezaketela arkitekturako ikasleek.
Ideia horrekin irakasle batzuengana jo nuen eta hauek Josemirekin jarri ninduten harremanetan. Berari azaldu nion nola plaza berri bat dugun eta baita udalaren biltegian material zahar ugari erabili ezingo genuena. Horri irteera bat eman nahi geniola azaldu nion eta material hau erabilita, plazarentzat zerbait sortzea neukala buruan.
Proiektu zehatzak zenituen buruan?
N.S: Ez, argi neukana zen zerbait mugigarria behar zuela izan sortutakoa plazak duen erabilera handiagatik eta ezingo zirela lurrera lotu baina besterik ez. Okendok oso espazio handia eskaintzen digu egun eta espazio honetan egitura baten beharra ikusten nuen argi.
Material guztia biltegikoa izango da?
N.S: Gehiena bai zerbait erosi beharko dute baina minimoa, azpimarratu nahi nuke udalaren material hau ez dela herrian bestela erabiliko, zaharra edota hondatuta dagoelako. Erabilera hau emango zaio teknikariekin kontsultatuta, argi daukagu material hori zabortegira joango zela epe motzean.
Berrerabilpena sustatzea da helburuetako bat?
N.S: Bai esan bezala udaletik garrantzitsua iruditzen zaigu material honi berrerabilpen bat ematea. Zaborraren kudeaketa arduratsu batean berrerabilpenak daukan garrantzia azpimarratu eta zabaldu nahi genuke. Adibide bat izango da. Material guzti hauek, baita etxean pilatzen ditugun traste zaharrek ere, beste bizitza bat izan dezaketela ikusteko aukera izango dute herritarrek. Ekimen honekin behintzat hori da helburua, herritarrek ikustea ahal direla gauzak egin erabiltzen ez diren materialekin. Arkitekturako ikasleen laguntza izango dugu kasu honetan baina bestelakoak burutu daitezke ere.
Nola hartu zenuen proposamena?
Josemi Martinez: Nerearen ideia jaso nuen eta nahikoa ondo enkajatzen zuen nik ematen dudan ikasgai batekin, hautazko ikasgaia da eta proiektuen garapena du izena. Hirugarren mailako ikasleak dira honetan eta esan beharra dago ikasgai hau hautazkoa izaki, nahikoa programa irekia duela derrigorrezkoetan gertatu ez bezala. Malgutasun honek ahalbidetzen digu halako proiektuak garatu ahal izatea eta hori oso aberasgarria da ikasleentzat.
Arkitektura ikasle batek urte asko pasatzen ditu ikasten lehen bost, sei urteak teorikoak dira baina azkenean proiektu horiek gauzatzen ikasi behar da, izan ere normalean ez da dena ondo diseinatua egoten eta arazoak sortzen dira. Horiek konpontzen jakin behar dute eta hori praktikarekin ikasten da.
Lehen esperientzia izango da zuretzat?
J.M: Ez, banituen halako beste esperientzia batzuk eginda bai irakasle bezala, baita arkitekto bezala ere eskolako ikasle ohi eta irakasleek osatzen dugun kolektiboan burututa. Pasaiako udalarekin esaterako, antzeko ekimen bat egin genuen. Honetan Arkitektura kolektiboen topaketa bat izan zen. Kasu honetan, barne espazio batean brigaden materialekin, hiria atontzeko erabiltzen diren tresna ezberdinekin, prestatu genuen espazioa.
Lasarte-Oriaren kasuan ikasleei pasatzen diegu esperientzia hori. Ikasleen artean ere perfil ezberdinak daude, batzuk ohituta daude euren eskuekin gauzak eraikitzea baina beste batzuen kasua bestelakoa da, diseinatu soilik egin dute orain arte. Hau dela eta proiektuaren fase materialera pasatzea oso garrantzitsua da euren ikasketa prozesuan.
Nola burutu dituzte proiektuak?
J.M: Eurek jasotako lehenengo informazioa espazioaren, Okendo plazaren, eta materialaren argazki batzuk izan ziren. Proiektuen abiapuntua izaten da espazioa eta helburua edukitzea, erabilera bat eta horren arabera diseinatu egiten da ondoren, beste baldintzapen batzuk agertzen dira; zeinentzat da proiektua, zein materiala daukazun eskura, zenbat diru dagoen proiektua burutzeko, zenbat denbora hau gauzatzeko... Gure kasuan Okendo plazari zerbait eskaini behar genion eta materiala geneukan, horrekin hasi ziren pentsatzen.
Zirriborro batzuk egin zituzten eta udalekoei erakutsi genizkien. Lekua eta materiala bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen eta horrela lehen zirriborro horiek moldatu zituzten tamaina errealak etab. kontutan edukiz. Honekin batera aurrekontu bat ere egin behar izan zuten ikusteko zenbat balio duten egiturek.
Zenbat proiektu gauzatuko dira?
J.M: Proiektu hauetako batzuk egin behar ditugu, gutxi, bi edo hiru gauzatuko ditugu azkenean. Kurtsoa amaitzear da eta lau saiotan bukatu behar ditugu, klase ordutan. Gauzatzea diot gu ez garelako arotzak, zurginak, igeltseroak... orduan erraza jarri behar dugu lana, gure gaitasunekin egiteko horregatik proiektuak sinpleak dira guretzat. Ez dago soldadurarik baina bai egur asko erraza delako lantzen.
Zer ikusiko dugu Okendon?
J.M: Proiektuak asko dira. Hiri altzariak, gradak, umeeentzako jolasak...denetarik dago. Gradak adibidez konplexuagoak ziren, arriskutsuak ere izan zitezkeen eta azkenean banku eta umeen jokoetara bideratu dira proiektuak.
Hautaketa bat egin eta asmoa hiri altzariak egitea da. Landare potoekin egingo da altzari bat eta beste bat kaleko baldosa eta erabili gabeko bankuetako egur oholekin arkupeetako zutabeen inguruan banku batzuk egingo dituzte. L eta C formako bankuak izango dira. Honen helburua babesean txokotxo bat sortzea da, espazioa domestikatuko duen zerbait izango da. Hala ere gero ikusiko da helburua bete eta erabiltzen diren edo ez.
N.S: Bigarren proiektu honen harira esan, askotan ikusi ditudala gaztetxoak arkupe azpi hauetan, lurrean eserita eta agian erabilgarriak izango dira banku hauek.
J.M: Bestelakoak ere hor ditugu esaterako, tren moduko bat egitea umeek jolasteko, beste ikasle batzuk kubo antzekoak planteatu dituzte haurrek etxetxo moduan erabil ditzaten, topografia bat egitea baldosekin etab. Erakusketa bat egiteko asmoa dago aurkeztutako proiektuekin.
Nolako harrera izango duela uste duzue?
J.M: Ikusi behar baina bada gauzak egiteko beste modu bat. Jendearen parte hartzearekin lan egingo dugu eta badu auzolanaren kutsua. Ikasleek hiritarraren eta profesionalaren ikuspegia izango dute. Eredugarria da herritarrei erakustea gauzak beste modu batera egin daitezkeela.
N.S: Udaletik gauza berriak egiten dituzunean beldurra sortzen da. Jendearen gustukoa izango ote den zalantzak sortzen dizkizu. Hala ere ekimen honen kasuan, oso positiboa dela iruditzen zaigu. Momentuz esperientzia aberasgarria dela esan daiteke eta kritikak egongo diren arren, beti egon ohi dira, espero herritarren gehiengoak ondo hartzea ekimena eta akaso datozen urteetan horrelako gehiago egitea.
Berrerabilpena krisi garaian beharrezkoa al da?
J.M: Azkenean garai honetan bereziki gauzak beste modu batera egin daitezkeela frogatu egin behar da. Orain arte gauza asko oso gaizki egin dira, diruarekin eta horren aurrean gure erantzukizuna dugu eta gauzak beste modu batera egin, ezin da “a golpe de talonario” eraiki eta honetaz jabetu behar gara.
Kasu honetan udalak ikasle batzuei proposatu die lana. Ez ditu bankuak erosi dirutza bat gastatuz ondoren, bi urtera hauek kendu behar izateko... herritarrek honetaz jabetzeko ere balioko du esperientziak nire ustez.
Jarraikortasuna izan dezake esperientziak?
N.S: Printzipioz udaletik baloratu beharko da dena nola joan den baina aurten behintzat ez litzateke horrelako beste ekimenik egingo. Ikusi nahi da herritarren erantzuna eta honen arabera datozen urteetan agian beste motatako proiektuak garatuko ditugu horrela.
J.M: Garai berezi batean gaude eta halako elkarlanak eta prozesu parte hartzaileak beste herri batzuetan ere garatzen ari dira. Hiria egiteko modu ezberdin bat ari da sortzen eta adibidez Errenterian dugu proiektu handiago bat, Tolosa, Donostia...badaude honelako esperientziak bultzatzeko asmoa duten beste udal batzuk ere. Ideia da, eraikin hutsak dituzu herrian zer egin? bota ala herritarrak inplikatu eta denen artean zerbait egin? Eraikitzeko, hiria sortzeko garaian, beste modu batera pentsatzen hasi behar gara.


