Buruntzaldea IKT ederki Huesca Hiria sarian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko apirilaren 23a

Buruntzaldea IKT-ko gazteek ez dute atsedenik izan Pazko astean, Panticosan izan dira gogor entrenatzen eta irteerari amaiera emateko, apirilaren 14ean, Huesca Hiria txapelketan lehiatu ziren. Honetan lan ederra egin zuten igerilariek eta dominak eta marka berriak eskuratu zituzten.

Buruntzaldea IKT-ko igerilariak apirilaren 10etik 14ra Panticosan izan dira lanean. Irteerari amaiera emateko igerilariak Huescan izan ziren, "XX Huesca Hiria" sarian parte hartzen. Bi urre, zilar bat, 3 brontze eta marka pertsonalak lortu zituzten igerilari gazteek.
Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu digunez, “asteazken goizetik larunbat goizera 7 entrenamendu egin ostean irteerari amaiera emateko jarduera gisa aukeratu genuen sari hau”.
Panticosan egindako entrenamendu “handiaren” ondorioz gorputzean neke handia bazuten ere, marka txukunak egin zituzten igerilariek eta batzuek haien markak hobetzea lortu zuten, 50 metroko frogetan batez ere.
Sari honetan, igerilari bakoitzak estilo batean bi proba egin behar zituen, bata 100 metrotan eta bestea 50 metrotan, eta bi denboren baturak erabakitzen zuen sailkapena.

Dominak eta markak
Era honetara, Itsaso Tolosak eta Iñigo Ibarburuk urrea lortu zuten, lehenak bizkar estiloan eta bigarrenak tximeleta estiloan.
Iñigok, gainera, 50 m. tximeleta proban bere marka pertsonala hobetu zuen, 27''32 eginez.
Mikel Esnalek estilo librean lortu zuen zilarrezko domina eta bere marka hobetzeko gutxi falta izan zitzaion.
Haitz Mitxelenak, Iñigok bezala, 50 m. tximeleta proban marka pertsonala jaitsi zuen (27''51) eta egindako bi frogen emaitzek brontzea eman zioten estilo honetan.
Domina lortu zuen bosgarren gaztea Naroa Goikoetxea izan zen, honek ere brontzea eskuratu zuen, baina bular estiloan.
Dominez gain, Jone Vazquezek 50 m. libreko bere marka pertsonala 34''15-ra jaitsi zuen, Naiara Lizasok 100 m. librekoa (1'08''81) eta Mikel Sotok igeri egindako bi probetan lortu zituen marka pertsonalak haustea, 100 m. bular proban 1'25''16 egin zuen eta 50 m. bular proban, berriz, 40''10.
Honetaz gain, 4x100 m. libre erreleboko proban ere parte hartu zuen Buruntzaldea IKT-k.
Gizonezkoen erreleboak, Haitz Mitxelena, Asier Lopez de Arregi, Iñigo Ibarburu eta Mikel Esnalek osatutakoak brontzezko domina lortu zuen eta horretaz gain taldeko errekor berria ezarri zuen 3'48''55 eginez.
Nesken erreleboa, aldiz, 11garren sailkatu zen.
Panticosan egindako irteerari amaiera ezin hobea eman zioten beraz Buruntzaldea IKT-ko igerilariek.
Asteburu honetan Anoetan izan dira, Manolo Garcia Sarian parte hartzen.