“Sugandilak ere jan ditugu”

jon-altuna-iza 2012ko api. 23a, 11:43

Hilabete Patagonian egon ondoren Lasarte-Orian da berriro Veronica González. 23 urteko lasarteoriarrak oraindik ez du "El conquistador del Fin del Mundo" saioko ibilbidea amaitu, hurrengo bospasei asteetako emanaldietan kanporatutako beste lehiakideekin batera izango da eta telebistan. Oroitzapen, lagun on eta Patagoniako baldintza gogorrei aurre egiteko kalitatezko arropa ekarri ditu besteak beste motxilan.


Zer moduz esperientzia, oro har?
Oso ona. Sinestezina. Behin hara joanda, elkarbizitza eta probak, biak, nahasten dira, zure burua estutu egiten duzu, muturreraino eramaten duzu.

Pozik itzuli al zara?
Bai, zer den ikusi dut eta oroitzapen ona daukat.

Zer dakarzu handik?
Nire burua gehiago baloratzen dut, joaterakoan ez dakizu noiz arte egongo zaren eta zeintzuk diren zure mugak. Bakarrik zoaz eta joatearekin soilik indartu egiten zara, probei gogor egiten diezu aurre, gogoarekin, indartsu. Itzultzean zoramena da, “subidoia”.

Lagunak ere ekarri dituzu?
Bai asko.

Bat besteak baino handiagoa?
Ez, lagun handiak.

Ezer prestatu gabe joan nintzen hara, nik ez dut jokoetan estrategiarik, trikimailu edo azpijokorik erabili, beti izan naiz legala. Agian horregatik nago hemen.



Lehiaketako zein momentu nabarmenduko zenuke?
Momentu bat izan zen zoragarria. Bost egun generamatzan ezer beroa jan gabe, soilik latako janariarekin, eta “tumbapalos” proba irabazi genuen, 15 segundoko proba bat zen. Ezer ere ez geneukan eta hori irabazi eta gero janaria, sua,... lortu genituen.

Alde horretatik gogorra izan al zen? goserik pasa al zenuten?
Bai, ez geneukan ezer, muturreko egoera zen, gosea, hotza eta animoaz, aldarteaz,... ere ahul ibili ginen sarri.

Zer jaten zenuten?
Latako sardina, berdela, arto ahi edo polenta,... eta sugandilak ere jan ditugu, zuhaitzetako onddo batzuek ere bai. Medikuari galdetzen genion ia jan zitezkeen, eta jateko esan zigun, “ez zer gertatzen den!” eta onddo horiek ere jan genituen.

Alde horretatik, ondo zainduta zeundeten, ezta?
Buruko mina bazenuen ez zizuten aspirinarik emango, baina bestela bai, ondo portatzen ziren.

Proba, erronka eta kanporaketak ahalegin handia eskatuko dute, ezta?
Bai, immunitate probatan ez irabazteak ondorioak zituen eta beraz ehunetik ehunera joan beharra zegoen. Eta dueluetan are gehiago, asko sufritzen da.

Dueluetan urduritasuna ere nabarituko da...
Bai, probatara joan eta ez zegoen aurretik azalpenik, bertara joan eta telebistan ikusten dena da, proba nola izango den azaltzen dute eta kitto, ulertzen baduzu, ondo eta bestela, albokoari begiratu. Beti zeneukan ondo ulertuko ote zenuen kezka hori.

Ausarta behintzat izan zara, ezta?
Bai, azkenera arte borrokatu dut. Duelurako bi pertsonen artean aukeratzea neukan, eta fisikoki ni bezalakoa zen neska hautatu nuen. Hura kanporatzen saiatu nintzen.

Irabazteko aukerarik izan al zenuen?
Bai. Amaitu zenean nik irabazi nuela uste nuen. Armiarma sare deitutako proban zintzilik zeuden zaku batzuek hartu behar ziren eta pisu gehiena lortzen zuenak irabazten zuen. Batek hartzean bestearena uretara erortzen zen, bost poltsa hartu nituen nik, eta bi erori egin zitzaizkidan, berak bi hartu zituen beraz, baina ez zen kopurua edo tamaina kontuan hartzen, pisua baizik eta bereak astunagoak ziren. Borrokatua izan zen duelua.

Zenbatgarren kaleratua izan zara?
Hamargarrena. Bederatzi geratzen dira.

Estrategiaren batek kale egin al zizun?
Ez, ezer prestatu gabe joan nintzen hara, nik ez dut jokoetan estrategiarik, trikimailu edo azpijokorik erabili, beti izan naiz legala. Agian horregatik nago hemen.

Aurretik pentsatzen-imaginatzen al zenuen erronka hain gogorra izango zenik?
Ez. Janariari dagokionez, uste nuen, filmaketa bukatu eta kamerak jaisterakoan emango zigutela jatekoa, arrautzaren bat behintzat, baina ez, gu, negarrez, mesedez zerbait emateko eskatuz, baina ez, janarekin oso zorrotzak ziren, ez baduzu irabazten ez dago janaririk. Kristoren hotza ere pasa genuen, hiru kanpamentuetatik erdikoan, kobazuloan, ura sartzen zen, zakuak bustita geneuzkan eta beste toki batera eramateko eskatzen genuen, baina ezetz erantzuten zuten: “reality-show batera etorri zarete, sentitzen dugu baina ez”. Horrela zen.

Gogorra al da kameren aurrean hainbeste denbora izatea?

Lehenengo egunetan bai, begiratzen genien kamerei, erreportaria atzetik geneukan galdezka, baina gero jada ohitu ginen, kamera filmatzen ari bada ere zure bizitza egin behar duzu.

Grabatua izango dela aurrez jakiteak eragiten al du zuen jokabidean?
Ez, hasieran bakarrik. Lehengo egunetan ez duzu kamera aurrean asko hitz egiten, kamerak joatean gehiago. Gero eztabaida edo errieta bazen ere eztabaida izaten zen kamera aurrean egon edo ez.

Benetan zareten bezalakoak agertzen al zarete, beraz?
Bai. Ni lehen episodioetan ez naiz ia agertzen, agertu bai baina ez dut asko hitz egiten, baina gero bai, nire saltsan nengoen jada.

Nork irabaziko du, nor da irabazteko zure faboritoa?
Lobok irabaztea nahi dut, bera da gure faboritoa. Nire taldekoa izan da. Berak irabaziko du. “Konkistadorea” ez du ederrenak edo indartsuenak irabazten, pertsona autentikoenak irabazten du, bere merituekin irabazi behar du, eta Lobo horrelako hautagaia da.

Zer moduzkoa izan da Kondor-en taldea?
Ona. Lehen egunetan Tierra Paradan egon ginen denak elkarrekin eta kapitainak taldeak egin eta jakiterakoan pozik geratu nintzen. Fisikoki oso indartsuak ginen, mentalki ez hainbeste: Indar handiko neska bat zen taldean, baina etxera joatea erabaki zuen, eta beste mutil bat ere fisikoki oso ona zen, baina mentalki ez eta hau ere etxera joan zen. Juan Mari Lujanbio kapitainarekin oso ondo konpondu ginen gainera. Arraunlaria, berria zen programan eta agian hasiberriaren akatsak izan ditu, adibidez beste taldearentzat Kortak janaria lortzen zuen gauetan mendian, eta honek ez zekien nondik hartu, baina bestela oso ondo.

Ez al zenuen Korta nahiago kapitain bezala?
Ez, ez, ez.

Beste taldekoekin harremanak izan zenituzten?
Bai hasieran elkarrekin egon ginen. Behin atera eta gero, kanpoan ere, batzuek desagertu dira, baina beste batzuek badugu harremana.

Zer moduz Julian Iantzi aurkezlearekin?
Oso ondo. Kamera aurrean bere papera dauka, baina kamera jaisterakoan txantxa zalea da, oso “katxondoa”.

Benetako Kondorrik ikusi al duzue Patagonian?
Bai. Asko. Esan ziguten aberatsen kanpamenduan bazeudela eta kontuz ibiltzeko, txantxa bat zela uste genuen, baina, ez, egia zen. Asko daude, arrano handiak dira. Zarata handia ateratzen dute.

Zenbat aste egon zinen han?
Ni, 22 egun egon naiz programan, hiru egun egon ginen sartu aurretik etxola batzuetan, eta atera ondoren beste bi egun hotel batean.

Bakarrik itzuli zara beraz?
Bai.

Zer moduzko parajeak dira Patagonian?
Sinestezinak. Desertu batetik segituan elurretara pasatzen zara. Kanpamendu aberatsa izugarria zen, berde berdea, eta handik autoz ordu eta erdira zeuden pobrea eta oso pobrea. Hauek, batetik bestera 300 metrora, bata gailurrean eta bestea bailaran, baina oihuka hitz egiten genuen talde batekoak bestekoarekin.

Nola izan zen casting aukeraketa? Nolatan animatu zinen?
“Puntazoa” izan eta Casting-era joan nintzen, Kiroldegira etortzen da, Nakor, azken irabazlea eta berak esan zidan, “gaur eta bihar da, zuri ondo joango zaizu”. Joan eta egin nuen, nire saltsan ibili nintzen. Bi astera deitu zidaten, pentsatzeko denbora eskatu nien, Kiroldegian arduradunarekin hitz egin behar nuen, eta honek joateko esan zidan. Amak ere bai gero “Joan, joan zaitez”.

Ingurukoek asko animatu al zaituzte?
Koadrilako lagunei ez nien ezer esan urriaren 14an joan aurreko azken asteburura arte. Uztaila bukaerarako banekien urrian joango nintzela, baina diskrezioa eskatzen dute.

Zer moduz irakasle polikiroldegian?
Oso ondo. Spinning, Pilates, Body Pump... ematen dut.