Pasa den larunbatean, apirilaren 21ean, Buruntzaldea IKTko igerilari infantil, junior eta absolutuak Anoetako igerilekuan izan ziren Manolo Garcia Sarian parte hartzen. Guztira sei igerilari izan ziren parte hartu zutenak.
Orokorrean, jardunaldia emaitza positiboekin amaitu zen taldeak jakitera eman duenez, "udarako denboraldia prestatzen ari gara oraindik eta hala ere, igerilari guztiek gutxienez froga bateko marka hobetzea lortu zuten".
Itsaso Tolosak, 100 libreko marka hobetzea lortu zuen 1'07''33 eginez. Marka honekin, igerileku luzean zuen marka hobetu zuen eta bere adineko taldeko errekor berri bat ezarri zuen. Iñigo Ibarburuk, igeri egindako froga guztietan marka pertsonalak lortu zituen. 100 libre frogan 57''50 egin zuen eta froga honetan lortutako 543 puntuekin, infantilen sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu zuen. 50 libre frogan bere marka hobetu zuen eta 200 libreko marka segundo batean jaistea lortu zuen 2'07''32 denborarekin. 50 metroko frogan gainera Iñigok igerileku luzeko Espainiako gutxienekoa egitea lortu zuen, distantzia honetako igerilekuan lortzen duen hirugarrena. Emaitza hauekin, "Iñigok bere adineko hiru taldeko errekor berri ezarri zituen".
Mikel Esnalek bere aldetik, 50 libreko marka jaistea lortu zuen 25''22 eginez. "Badirudi froga hau igerileku luzean hobeto egiten duela eta poliki-poliki Espainiako Txapelketa Absoluturako gutxienekora gerturatzen ari dela" Borja Apeztegia entrenatzailearen hitzetan, "ea urte amaierarako hori lortzea posible duen". Honetaz gain, denbora honekin Unibertsitate arteko Espainiako Txapelketarako gutxienekotik 22 ehunekotara geratu zen. Marka honekin gainera absolutu mailako taldeko errekor berri bat ezarri zuen.
Kevin Iglesiasek 400 libreko marka hobetzea lortu zuen 5'09''67 eginez. Garazi Alkortak igerileku luzeko bi marka hautsi zituen. 100 libren 1'12''84 egin zuen bere aurreko marka segundo batean hobetuz, eta 50 tximeletan ere marka pertsonala egin zuen 36''75 eginez. Azken froga honetan eta 100 tximeletan adineko taldeko errekor berriak ezarri zituen, 100 tximeletan bere marka hobetzea lortu ez bazuen ere. Azkenik, Mikel Sotok 200 bular frogako marka hobetu zuen.
Euskadiko Luzera Handiko Liga
Igandean berriz, apirilaren 22an, taldeko Juan Vicente Martin igerilari masterra Euskadiko Luzera Handiko Ligako lehen jardunaldian parte hartu zuen. Lehen jardunaldi hau "Kontxako Zeharkaldia" frogak osatzen zuen eta igerilariek 2.000 metroko frogari egin behar zioten aurre. Froga honetan "ederki moldatu zen gure igerilaria", distantzia 21 minutu eta 39 segundotan amaituta seigarren postuan sailkatuz. "Ea datozen jardunaldietan orientazio ahalmena hobetu eta postuak aurreratzerik baduen".
Naucotour zeharkaldia
Buruntzaldea IKT-ko Javier Miguel eta Agustin Etxeberria masterrak Campellon izan ziren, Alacant-en, "II Travesia a nado Naucotour"-en parte hartzen. Igerialdiak 2.400 metroko distantzia zuen eta ura hotza egonik ere, txukun ibili ziren taldeko bi masterrak. Sailkapen orokorrean Javier Miguel bederatzigarren izan zen bere kategorian eta Agustin berriz, hogeigarren.
