Joan den urteko irailetik Michelingo zelaiari belar artifiziala aldatzeko proiektuan lanean aritu dela jakin arazi du Lasarte-Oriako udalak herriko PSE-EEk aste honetan publiko egindako mozioaren harira.
Jesus Zaballosek publiko egindako mozioa hurrengo udalbatzarrean eztabaidatzeko aurkezten zuela azaltzen zuen. PSE-EEk honetan Michelingo zelaiaren egoera kaxkarra azpimarratuz, belarraren aldaketa eskatzen zuen. Udaletik berriz, mozio honen aurrean harrituta geratu direla jakin arazi dute. Izan ere, udaleko alderdi guztiek asmo honen berri zuten. Gainera dagoeneko proiektua aurreratua dago eta lanak ekainean hasiko direla aurreikusten da, "aurtengo denboraldia bukatu bezain laster eta hurrengo denboraldia hasi aurretik, irailean, dena prest izateko".
Aurtengo urterako onartutako gastuetan sartzen da zelaiaren berritzea eta 250.000euroko kostua izango du lanak. Zelaian belar berria jarriko da, marrak margotu eta atzeko sarea jarriko da besteak beste.
Atzo arratsaldean, kirol zinegotziak, kiroldegiko teknikariak, Udaleko arkitektoak, Ostadar futbol taldekoek, Beltzak errugbi taldekoek eta Texas futbol taldekoek bilera izan zuten proiektua zehaztuta uzteko eta dagoeneko hirigintza sailean dago. Bertan, gutxienez bi kirol hauek egingo direnez belar artifizialezko zelaia mistoa izan beharko dela adostu zuten. Gainera, margotuko diren marrak futbol 11, futbol 7 eta errugbirako izango dira eta ureztatze sistema zelaitik kanpo jarriko da.
