Michelin-eko birmoldaketa inauguratu dute

jon-altuna-iza 2012ko apirilaren 26a

Lasarte-Oriako Michelinen birmoldaketa inauguratu dute gaur enpresako buruek, Jaurlaritzako Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariekin batera. Lau urte eta 80 milioi euro behar izan dituzte aldaketak egiteko eta berrikuntzen ondorioz, hainbat lanpostu galdu dira. Horregatik Michelinen lehenengo indar den LAB sindikatuak ez du ekitaldian parte hartu, eta gogor kritikatu du zuzenean 550 lanpostu eta zeharka beste 250 “suntsituko direla” eta 500 lanpostu sortuko zirela agindu eta iragarri bazuten ere, ez dela lanpostu berri bat bera ere sortu

Gaur goizeko inaugurazio ekitaldian izan dira, Jose Rebollo Mic
Pablo Barrio egon da beste agintari batzuekin batera Michelingo birmoldaketaren inaugurazioan.
helinen España-Portugalgo Ordezkaria, Felipe García, Lasarte-Oriako plantako zuzendaria, Bernabe Unda, Jaurlaritzako Industria sailburua, Martin Garitano Ahaldun nagusia eta Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea.
2007an hasi zuten autoen pneumatikoak egitetik gama altuko motoenak egiteko pausoa eta bidean hainbat aurrerapen teknologiko egin dituzte, bai fabrikazioa modernizatzeko eta baita instalakuntza eta azpiegiturak hobetzeko ere. Horretan 60 milioi erabili dituzte eta beste 20 beste proiektu batzuetan. Gaur egun motoentzako 9.000 tona pneumatiko fabrikatzen dira Lasarte-Orian, gutxi gorabehera, 1.800.000 errubera, eta horietatik ehuneko 80 gama altukoak, ia guztiak besteak beste Honda, Yamaha edo Harley Davidson markentzak eginak.
Enpresako buruek nabarmendu dute 500 lanpostu gutxitu badira ere, sindikatuekin hitzartu egin zituztela, eta ez dela inor lanpostutik bota, gehienak, jubilazio, lekualdatze, eta ordaindutako borondatezko bajen bidez egin direla alegia.
Dena den LAB sindikatuak gogor kritikatu ditu aldaketak, “Ez dugu ukatzen proiektu honen harira lantegia eraberritzeko inbertsioak egin direla, baina gogora ekarri nahi genuke Lasarte eta Usurbilen kokatua dagoen lantegia “birmoldatzeko” proiektua gure ekoizpenaren zati handi baten lekualdatzean duela jatorria eta honek 550 lanpostu zuzen inguru eta 250 zeharkako suntsitu dituela".
Era berean, LABek salatu du "bere garaian Michelin Fundación Desarrollo delakoaren bitartez, Lasarte eta Usurbilen 500 lanpostu berri sortuko zituela esanez Michelingo zuzendaritzak egin zuen iragarpena, ez dela inolaz bete, gaur egun ez baita bat bera ere sortu. Gai honi helduz paradoxikoa iruditzen zaigu gaurko ekitaldian PSOE-PSE-EEko Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailburuaren presentzia, izan ere proiektu hori geratzearen arrazoi nagusienetakoa Sail horren menpe dagoen Sprilur-ek “aurrekontu falta” argudiatu izana denean”.