Ostadar-Plagamania taldeak larunbatean Touring-en aurka jokatutako partidan Ohorezko Erregional mailarako igoera zuen jokoan.
Mikel Martija eta Asier Gorostegik entrenatzen duten taldeak irabaztea beharrezkoa zuen lehenengo jartzeko. Taldeko jokalariei babesa eta berotasuna eman nahian, asko izan ziren Errenteriara gerturatu ziren Lasarte-Oriako zaletuak.
Partida
Tentsio handiko partida izan zen jokatutakoa. Bi taldeek jokoan zutena gauza handia zen eta asko nabaritu zen partidaren osotasunean.
Hasiera paretsua izan zen, eta ez zuen inork aukera garbirik izan. Lehen zatia aurrera joan ahala, Touring-ek estutu eta aukerak izan zituen gola sartzeko, baina Ostadarrek ere izan zituen pare bat jokaldi gola sartzeko modukoak.
Bigarren zatian aldiz, gauzak asko aldatu ziren. Lehen zatian bezalaxe, sendo ekin zioten bi taldeek, baina 60. minutuan Ostadar hamar jokalarirekin geratu zen.
Arrazoi hau tarteko, Touring-ek estutu eta partidaren dominioa lortu zuen.
Lehen kaleratzea gutxi ez balitz, 75. minutuan bigarren jokalari bat kanporatu zuen epaileak eta Ostadarrek bederatzi jokalarirekin egin behar izan zion aurre partidaren amaierari.
Egoera honetan Touring-ek partidako jokaldi argienak eduki zituen gola sartzeko, baina ez zuen lortu eta partiduaren amaiera arte borrokatu zuten Ostadarrekoak beraien gola sartzeko asmoz.
Azkenean, berdinketarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek.
Aukerak
Era honetara, hiru puntuko diferentzia dute bi taldeek. Hiru jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko eta geratzen diren partidetan dena emateko prest dago Ostadar lehenego postua eskuratzeko.
Hala ere, bigarren amaituz gero, beste aukera bat dago ere, partida bat jokatu beharko luke hurrengo denboraldian Erregionalen Ohorezko Mailan sor daitezkeen lekuak betetzeko.
