Jira eta buelta

jone-miren-hernandez 2012ko apirilaren 27a

Kolore askotakoak eta tamaina ezberdinetakoak… Azken boladan herrian asko ikusten dira, jira eta buelta, gora eta behera, airean ezinezkoak diruditen irudiak marrazten. Publizitatea edota telebistaren eraginez ume eta gaztetxoen jolasak moda kontua bihurtu dira.
Orain dela 30 urte gure denbora-pasak aldiro-aldiro mudatzen ziren ere: orain kromoak, bihar kanikak, hurrengoan soka saltoa… Halere, inpresioa dut
-oker egon naiteke- egun, moda horiek azkarrago pasatzen direla, eta lotura gehiago dutela kontsumismoarekin: erosi, erosi, erosi.
Hau esanda ere, aitortu behar dut azken moda hau bereziki atsegin dudala. Kaleak diaboloz bete dira. Zoragarria eta entretenigarria da ume eta gazteak beraiekin ikustea, neska nahiz mutil.
Honen inguruan gertaera bat dut gogoan. Orain dela hilabete edo, herriko parke batean ginen, umeak eta ni, diaboloarekin, ahaleginak egiten, gauza berriak saiatzen. 75 edo 80 urteko bi emakume guregana hurbildu dira. Diaboloa utziko? -esan digu batek. Eman eta hara non, profesional gisa, gora bota du, airean jaso eta jarraian bestelako txilinbueltak egin ditu berarekin. Erakustaldia bukatu eta eskerrak eman zizkigun. Abilidadea galdu dut, gaztetan bai… primeran aritzen nintzen -esan zuen agurtzerakoan.
Gelditzeko eskatzekotan egon nintzen: hain aukera gutxi izaten dira jolas berdinaren bueltan umeak, gaztetxoak, helduak, aiton-amonak… batera ikusteko, elkartrukea bultzatuz… Ez dut diaboloa gorde nahi! Noizko herri mailako erakustaldi bat?