Ttakunek antolatzen ditu Udako Txokoak, Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzarekin. Aurtengo leloa "Plan berriak euskaraz eta herrian" da. Izena emateko epea maiatzaren 17ra arte dago zabalik, baina aurten plaza mugatuak dira, Lasarte-Orian erroldatuak daudenak, Ttakuneko bazkideen seme-alabak eta programatan dabiltzan haurrak soilik matrikulatu daitezke. Behin izena emateko epea bukatuta, plazak libre baldin badaude, orduan aukera izango dute kanpokoek eta 2009. urtean jaiotako umeek. Hauek jada izena eman behar dute baina erreserban geratuko dira.
Programaziori dagokionez, LH2 eta LH3koei aukera emango zaie iaz bezala, udako txokoetan hiru astean ibili eta gero, astebeterako Altzora joateko. Ekimenak harrera oso ona izan zuen iaz, Askizun, eta aurten etxe handiagoa hartu dute Altzon.
Aukera paregabea
Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila artekoek, hau da 8tik 12 urtera bitartekoek aukera ederra dute uztailerako. "Abenturaz eta kirolaz blai" izeneko ekintzetan, besteak beste zalditegia, eskalada, patinajea, malabarak eta voleya ezagutzeko beta izango dute.
Aukera berezia dute gainera hauek, nahi badute, uztailaren 3tik 14 Valdegoviara joan eta 16tik 27ra Txokoetan geratzeko edota, lehenengo, uztailaren 2tik 13ra Txokoetan ibili eta gero, 17tik 28ra bitartean, Mendigorriara joateko.
GoizTxokoa zabalik
GoizTxoko zerbitzua ere eskainiko zaie nahi dutenei goizeko 9:00etatik 10:00etara bitartean. Udako Txokoen prezioak 90 eta 196 artekoak dira. Esaterako HH5eta LH6 mailetako herritarrek 101 euro ordainduko dute Txokoa, 106 kiroldegiko bazkideak ez baldin badira, eta 30 euro gehiago GoizTxoko zerbitzua erabiltzeko. Ez baldin badaude Lasarte-Orian erroldatuta, hurrenez hurren, 146 eta 151 euro ordainduko dituzte eta GoizTxoko zerbitzua nahi baldin badute, beste 45 euro.
Bestalde, Valdegovia eta Mendigorriara joan nahi dutenenentzat 300 euro inguru balio du eskaintza bikoitzak.
Gurasoen bilerak ekainaren 7an egingo dira arratsaldez HH3 eta LH2 artekoentzat eta ekainaren 8an LH3 eta LH6 artekoentzat. Abuztuko programazioan egongo direnentzat ekainaren 7an egingo da bilera, baina orain konfirmatu behar dute plaza.
Herriko begiraleak
Begirale izateko epea ere irekita dago maiatzaren 10era arte eta maiatzaren 19-20 asteburuan formazio ikastaroa egingo dute begiraleek. Hor finkatuko dira programazio bakoitzeko ekintzak, interes guneak, irteerak,...
Pili Bermejo arduradunak goraipatu egin digu begiraleek egiten duten lana: "Begiraleak azken urteotan herrikoak izan dira den denak, hain juxtu, bere garaian txokoetan aritu ziren umeak orain begirale papera hartuta eta asko urtean zehar begirale lanetan jarduten direnak, Gazte-kluba edoeskola kirolean".
Pili Bermejo Aisiako arduraduna Ttakunen
“Talde jolasak bultzatzen ditugu”
Ttakun elkarteak duela 21 urte sortu zenetik eskaintzen die haurrei, udan elkarrekin ondo pasatzeko aukera, beti ere, euskaraz, noski.
Aurtengo Udako Txokoen leloa, "Plan berriak, euskaraz, eta herrian" da. Aste Santuan Udaran eta Gabonetan antolatzen ditu Ttakunek Txokoak, baina nagusia eta garrantzitsuena udako esperientzia da. Urtero 400 umetik gora ibili ohi dira Udako Haur Txokoetan eta aurten ere kopuru hori gaindituko dute.
Pili Bermejo arduratzen da Ttakun Aisia arloaz eta berarekin egon gara Txokoek urtero duten bilakaera ezagutzeko.
Zeintzuk dira Udako Txokoen helburuak?
Elkarrekiko harremanak sustatzea izaten da helburu nagusia, euskaraz noski, nolabait esateko udaleku itxietako giroa izango dute eta antzeko irizpideak jarraituko ditugu.
Batez ere taldeko jolasak bultzatzen dituzten ekintzetan oinarrituko dira Udako Txokoak: Ur jolasak, irteerak, tailerrak,... Espero dugu uztailean eguraldi txarrik ez egitea eta ekintzak kalean burutzea. Nahiz eta haurrak ikastetxeetan elkartu, hauek bilguneak dira, eta gero ekintza gehienak kanpoan egiten dira.
Eta uda izanda urak presentzia handia du?
Bai, noski. Bai ur jolasetan eta baita beste ekintzetan ere: irteera gehienak hondartzara edo igerilekuetara izaten dira. Ea aurten eguraldiak laguntzen duen.
Zeintzuk dira haurrek gustukoen dituzten ekintzak?
Haur txikien artean San Fermin eguna eta ur-jolasak. Erdikoen kasuan, josta-kirola arrakastatsua da, ur kirolak eta irteerak ere bai. Eta zaharrenek irteerak estimatzen dituzte gehien.
Begiraleak herrikoak izaten dira gainera, Txokoak haurrak zirela ezagututakoak...
Bai, garai batean gure txokoetan aritutakoak eta kuadrilategitik pasatutakoak. Aurreko urteetan erakutsi duten maila erakutsiko dutela uste dugu. Egin duten lanarekin oso pozik gaude eta aurten berdin arituko direla espero dugu. Nabarmentzekoa da egiten duten lana.
Umeak aldiz kanpotik ere etortzen ziren?
Bai, aurreko urteetan 50 haur inguru ziren herrian erroldatu gabekoak, batzuek aiton-amonak zituzten hemen, ingurukoak ziren...
Gainera kalitatezko txokoak dira, ekintza bereziak eta indartsuak dituztenak, eta aurreko urteetan neska mutil zaharrenen kasuan behintzat batzuek etorri dira Lasarte-Oriako lagunek erakarrita, hau da, kanpoko hiruzpalau lagunekin etorri dira herrikoak.

