Jose Mari Irazustak zaborra eta hondakinaren arteko ezberdintasuna azaltzen hasi zen. Zaborra berrerabili eta birziklatu ezin den errefusa litzateke, hondakina berriz birziklatu edota berrerabili daitekeena.
Hau da, egun sortzen dugun %90a da hondakin birziklagarri eta berrerabilgarria. Hala ere, “egungo zabor bilketa sistemarekin, %25a birziklatzen dugu Gipuzkoan bataz beste” kontutan izanda 350.000 tona zabor sortzen dela.
“Zabortegi sistemak porrot egin du eta bestelako bideak aztertu behar dira”. Atez atekoarekin lortu dira emaitza hoberenak Irazustak azaldu moduan. “Honako bilketa ezarrita dagoen herrietan, Usurbil, Hernani, Oiartzun, Antzuolan %80a birziklatzera iritsi da bosgarren edukiontziarekin egindako saiakeretan berriz, %35era besterik ez dira iritsi”.
Zaborraren arazoa denon arazoa dela azpimarratu nahi izan zuen Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak eta honekin batera, Europako beste herrialdeetan martxan dauden sistemak aipatu zituen Italiako Capannori hiriarena adibidez. Bertan %18a da soilik errefusa eta hala ere honekin lan egiten ari dira “kopuru hau gehiago murriztu nahi dute nahiz eta %82a birziklatu”. Kontutan izan behar da zabor, errefus, kopuru txiki hori edozein zabortegian pilatu daitekeela izan ere, ez du usain ezta gasik isurtzen.
Erraustegia
Honen eraikuntzak dituen eraginaz mintzatu zen eta eragingo lituzkeen gas toxikoak aipatu zituen. Horretaz gain, zaborra erretzea ez dela bidea ezta sistema eraginkorrena, azpimarratu nahi izan zuen. Horrela proposatutakoen artean, atez-atekoaz gain, autokonpostajea aipatu zuen irteera merke eta eraginkor moduan.
“Udalentzat gastu gutxi eragiten du eta norbera da, herritarra, bere zaborra kudeatzeaz arduratzen dena”. Hau egiten duten familiak zabor tasak ordaintzetik kanpo geratuko lirateke, “konpostagailuak Mankomunitateak ahalbidetzen ditu eta udalak egin beharrekoa hauek kokatzeko lurra uztea litzateke soilik”. Hauetako batzuek Zabaleta auzoan kokatu zituzten bizilagunek eta horrelako gehiago jartzea izan daiteke udal gobernuaren aukera.
