Azkorteko erromeria maiatzaren 6an

Txintxarri Aldizkaria 2012ko apirilaren 27a

Santa Krutz egunaren ondorengo igandean antolatu ohi du Lasarte-Oriak erromeria. Aurten maiatzaren 6an izango da ospakizuna eta urtero legez, hainbat ekintza antolatu dira erromeria eguna giro onean igarotzeko.

Erromeriari hasiera emateko, 11:00etan meza ospatuko da Azkorteko ermitan.
Festak ermita kanpoaldean jarraituko du. Besteak besteLasarte-Oriako bertso-eskolako kideen jarduna eta harrijasotzaile eta aizkolarien arteko erronkak ikusiko dira. Amalur trikiti eta pandero eskolako lagunak ere bertan izango dira eta haien musikarekin erromeria girotuko dute.

Aterpean, tabernatxoa egongo da salda, pintxo eta edariekin erromeria nahi beste luzatu ahal izateko.
Azkorteko erromeria Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen du eta Udaleko Gazteria, Festak eta Kiroletako Batzordearen laguntza jasotzen du.

Autobusa
Urtero moduan, ezin izango da kotxez ermitaraino hurbildu. Hauek aparkatzeko erabiltzen zen lekurik ez dago egun eta, hau dela eta, Urnieta bideko bidegurutzetik gora ezingo da kotxez igo.
Hartara, autobusa jarriko da goizeko 9:00etatik aurrera Lasarte-Oriako erretiratuen elkartetik. Honek ordu-erdiro egingo ditu irteerak eta goiz osoan zehar gora eta behera ibiliko da. Ibilbidea doan izango da.

Lasarte-Oriako mugak
Bestalde, Oinatz taldeak jakin arazi du, Lasarte-Oriako mugak irteera maiatzaren 6an egingo duela, Azkorteko erromeriarekin bat eginez.
Antolatzaileek esan bezala, Azkortetik igaroko da ibilbidea eta nahi izanez gero, bertan geratu ahal izango dute herritarrek. Irteeran parte hartu nahi dutenek goizeko 09:00etan Sagardotegi kalean dute hitzordua.