Udaberriko Bertso jaialdia duela bost urte antolatu zen lehen aldiz, zenbait helburu jakinekin: Kultur Etxea herritarrei ezagutaraztea, bertsoa herriko beste kultur jarduerekin uztartu eta horrela bertso saioetara normalean joaten ez direnei bertsolaritza hurbiltzea eta bertsozaleei herriko beste arte-kultur adierazpenak ezagutaraztea. Aurten ere helburu berdinarekin eta gidari moduan “auzolana” hartuaz antolatu du saioa Ttakun elkarteak Udalarekin batera.
Udaletxe berria, auzoen parte hartzea eta elkarlana oinarri hartuta herriko talde ezberdinen eta bertsolarien saioak tartekatuko dira maiatzaren 5eko jaialdian.
Herriko artistak oholtzan
Besteak beste, bertso eskolako ikasle gaztetxoek, Xumela eta Mundialak Gara abesbatzek, Beltzak rugby taldeak, Txalagore txalaparta taldeak, txistulariek, Musika Eskolako kideek, Erketz taldeko eta Amaia Caballero dantzariek, Aitor Lasa eta Arantzazu Mujika musikariek eta Kukukak parte hartuko dute jaialdian eta hauen emanaldien artean Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Ane Labaka eta Unai Muñoa arituko dira bertsotan.
Aurten 10 urte bete dituen Kukuka eskolako talde ezberdinetako partaideek egingo dituzte aurkezpenak, haur, gazte, heldu eta adinekoen taldeetako kide batzuek, alegia.
Sarrerak 3 eurotan salgai dira, Lasarteoriasarean.eu web gunean eta gero 3 euro eta 20 xentimotan salduko dira Kultur Etxeko leihatilan.
2008an, udaberriko lehenengo bertso saio berezian, “Barrenak Astinduz” leloarekin herriko musikari, dantzari, antzerkilari eta artista ezberdinen saioak lehen aldiz lotu zuren bertsoekin eta bide batez Kultur Etxea erakutsi zuten.
Hurrengo urteetan ere bertsoak herriko arte espresio ezberdinekin uztartu ziren eta Lekuona Tailerra bihurtu zen kultur etxea 2009an, Lekuona Hotela, aldiz, 2010ean eta Belle Epoque garaia ekarri zen saiora iaz.
