29_Gipuzkoako errugbi eskolen elkarretaratzea Michelingo zelaian

jon-altuna-egitegi 2012ko apirilaren 29a

Gipuzkoa osotik etorritako 8 eta 12 urte bitarteko errugbi jokalari gaztetxoak bildu ziren igandean Michelingo kirolgunean. Goizean goizetik, Beltzak-Ostadar Rugby eskola antolatzaileaz gain, beste sei klub izan ziren topaketetan parte-hartzen. Hala nola, Eibar, Arrasate, Hernani, Ordizia eta Donostiako klub desberdinetako alebin eta benjaminek euren dohainak erakusteko aukera eduki zuten Gipuzkoako Rugby federazioak eta Beltzak-Ostadar herriko Rugby eskolak antolatutako elkarretaratzean.


Eguraldi ona lagun, primeran pasatu zuten kirolari gaztetxo, entrenatzaile zein gurasoek neska-mutilen jardunari begira. Ederra baita errugbia, bai ikusi eta baita jokatzeko ere, kontaktu fisiko askoko kirola izan arren, kiroltasuna gailentzen baita guztiaren gainetik eta hori gaur egungo kirola nola dagoen jakinda, ez da kamutsa.

Elkarretaratzea amaituta, pozik ziren antolatzaileak parte-hartzaile kopuru altuagatik eta neska-mutil errugbilarien kiroltasun jarrerara bikainarengatik. Alebin eta benjaminen mailan dagoen harrobia ikusita, Gipuzkoan errugbia goruntz doan kirola dela argi eta garbi geratu zen igandeko topaketetan.


Bi mailatan banatuta zeuden 120 parte-hartzaileak, alebin eta benjaminen kategoriatan hain zuzen. Bitxikeria gisa, nabarmentzekoa izan zen neska errugbilarien kopuru altua, parte-hartzaile guztien arteko %15a osatuz. Benjaminek 10 minutuko 3 partidutxo jokatu zituzten eta alebinek berriz, 7 minutuko bi zatiz osatutako beste hiru partidu.
Beltzak-ek benjamin mailan honako emaitzak erdietsi zituen: Hernani 5 - Beltzak 3 / Beltzak 2 - Zarautz 5 / Beltzak 5 - Arrasate 3.
Alebinen kasuan berriz, emaitzak honakoak izan ziren: Beltzak 1 - Hernani 4 / Beltzak 0 - Zarautz 7 / Beltzak 0 - Arrasate 3.

Esfortzua sarituz

Topaketak bukatu ostean, sari-banaketaren txanda izan zen. Bertan izan ziren Imanol Larrinaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskola Kiroleko teknikaria, José Miguel Galdos Euskadiko Errugbi federazioko zuzendari teknikoa eta Joxean Belartieta Ostadarreko ordezkaria. Kirol munduko jendeaz gain, Pablo Barrio eta Taxio Arrizabalaga Udaleko ordezkariak ere aritu ziren sariak banatzen.
Talde bakoitzari trofeo bana eman zitzaion eta era berean, talde bakoitzeko jokalari guztiek jaso zuten oroigarri gisa domina bana. Sariketa amaitzean, denentzat hamaiketako ederra prestatu zuten Beltzak-Ostadar rugby eskolako lagunek, egindako esfortzuaren ostean indarrak errekuperatzeko.