Maiatzaren 1ean murrizketen aurkako jarrera nagusi

jon-altuna-iza 2012ko apirilaren 30a

Mariano Rajoyren Gobernuak martxan jarri duen lan erreformaren aurkako jarrera eta langileen aurkako murrizketen kritika izango dira nagusi maiatzaren 1ean langileen nazioarteko eguneko ekitaldietan. Sindikatuek bakoitzak bere aldetik egingo dituzte protestaldiak, ELAk Bilbon, CCOO eta UGTk elkarrekin Donostian, LABek Euskal Herriko eskualde guztietan, Lasarte-Oriari dagokiona Donostian, eta ESKk aldiz, Errenteriatik Donostiara martxa antolatu du.

Hainbat pankarta jarri dituzte sindikatuek herrian maiatzaren lehenaren harira. Irudian, LAB-ena.

Maiatzaren 1ean manifestazioak egingo dituzte sindikatuek, kasu gehienetan, bakoitzak bere aldetik. Horrela, ESKkoak izango dira lehenengoak: goizeko 10:00etan Errenteriatik abiatu eta 12:30etarako Donostian izango dira, “etsipena gainditu” leloarekin, esklabutzaren aurrean borroka kolektiboa eta gizarte matxinada aldarrikatzeko. Ordu horretan, 12:30etan aterako da LAB sindikatuaren manifestazioa bulebardetik. Sindikatu honek Euskal Herriko eskualde guztietan egingo ditu manifestaldiak eguerdi partean: “Lotu Borrokari” leloarekin bestelako Euskal Herria, langileena, eraikitzeko proposamena luzatu dute. Aurretik 12:00etan Donostiako Alderdi Ederretik aterako da UGT eta CCOOk elkarrekin egingo duten manifestaldia, “Dena suntsitu nahi dute. Lana, duintasuna, eskubideak” leloarekin. Eta ELA sindikatuak aldiz ez du Lasarte-Oria inguruan mobilizaziorik egingo, sindikatu honetako partaideak Bilbon elkartuko dira “Ezinbestez, sindikatua” leloarekin 11:30etatik aurrera. Gran Via Don Diego Lopez de Haro, Bilboko kale nagusian mintzatuko da hasteko Adolfo Txiki Muñoz idazkari orokorra eta 12:00etan abiatuko da manifestazioa. Ondoren Barakaldoko BECen bilduko dira bazkaltzeko.

Amerikako Estatu Batuetan zortzi orduko lanaldia eskatzeko 1886ko maiatzaren 1ean hasi zen greba orokorra da langileriaren nazioarteko egunaren oinarria. Egun haietako protestaldietan langile asko hil ziren, beste asko espetxeratu egin zituzten, aietako lau urkatu eta beste bik bizitza osorako espetxe zigorra jaso zuten iskanbilen erantzule zirela leporatuta. Guzti hori gogoratzeko 1889an Parisko II Internazionalean erabaki zen mundu osoan maiatzaren 1a Lanaren Eguna izatea. Ordutik langileen eskubideak aldarrikatzen dira egun honetan.

Oro har maiatzaren 1eko protestaldien harira, sindikatu guztiek adierazi dute murrizketen aurkako jarrera. Esaterako ELAk sindikalgintza, taldeko lana eta antolaketa aldarrikatu ditu erreformari aurre egiteko, ahalegin handi eta erronka latzari heltzeko.

LAB sindikatuak ere inposaketa, murrizketa eta erreformaren aurka elkarrekin borrokatu duten langileen batasuna, Euskal Herriaren eta euskal herritarren burujabetza aldarrikatu ditu, langileen Euskal Herria eraikitzeko.

Antzeko aldarrikapenak egin ditu ESK sindikatuak ere. Egoera latzaren aurrean etsipena gainditzeko deia luzatu du sindikatu honek, antolaketa eta borroka kolektiboa eskatuz: “pertsonengan dago gure indarra, Krisi honek agerian utzi egin du kapitalismoak ez duela funtzionatzen, pertsonak gehiago zanpatzeko ez bada”.

Azkenik, CCOO eta UGT sindikatuek elkarrekin egin dute deialdia, hauek ere, Rajoyren Gobernuak martxan jarri dituen murrizketen aurka protestatzeko. Alderdi hauek gizartean dagoen haserrea Gobernuari helarazteko etenik gabeko protestaldiak egiteko deia luzatu dute.