San Pedro Jaien kartela aukeratzeko lehiaketa martxan

jon-altuna-iza 2012ko maiatzaren 3a

San Pedro Jaien kartela aukeratzeko lehiaketan aurkeztutako lanak www.lasarteoriasarean.eu web orrialdean jarriko dira ikusgai eta herritarrek hor emandako iritzia kontutan izango du Gazteria, Festak eta Kirolak batzordeak, 2012ko festak iragarriko dituen kartela aukeratzerakoan. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 18ra bitartean dute A3 tamainako lanak aurkezteko epea zabalik, euskarri digitalean nahi badute sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu helbide elektronikoan, eta euskarri fisikoan nahi badute Kulturetxeko Gazteen bulegoan.

A3 tamainan nahi den teknika erabili daiteke festetako kartela aukeratzeko lehiaketako lanetan.
San Pedro jaiak iragartzeko kartela lehiaketa bidez aukeratuko du aurten Lasarte-Oriako Udalak berriro- Lehiaketaren oinarrietan jakinarazi duenez, maiatzaren 18ra bitartean dago lanak aurkezteko epea zabalik, nahi duen edonork parte hartu ahal izango du lehiaketan, nahi beste proposamen aurkeztu ditzake bakoitzak, “San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2012” goiburuarekin eta kartela egiteko teknika ere erabat librea izango da.
Kartel lehiaketako irabazlea zein den Gazteria, Festak eta Kirolak batzordeak erabakiko du, irabazlearentzat saria 300 eurokoa izango da eta Udalak gero irudi hori nahi beste, nahi duen eran eta medioetan erabiltzeko eskubidea izango du. Gainera parte hartzaileek baimena eman beharko dute aurkeztutako kartelak webgunean erakusteko.
Esan bezala aurkeztutako kartel guztiak erakutsiko dira www.lasarteoriasarean.eu webgunean, sinadurarik gabe eta izenburuaren bidez identifikatuak, herritarrek iritzia eman eta gustukoena aukeratzeko modua izan dezaten.0
Kartelak beste lehiaketaren batean saritu gabeak izango dira, eta karteleko irudi guztien jabetza intelektuala aurkezten duenarena ez bada ezin izango da aurkeztu.
Kartelak euskarri fisikoan edo digitalean aurkeztu daitezke, izenburu batekin eta egilearen izenik gabe. Formatu digitalean aurkezten bada, jpg formatoa izan beharko du, DIN A3 tamaina (297 x 420) eta 300 pixel hazbeteko kalitatea. sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu helbidera bidali behar dira lanak, artxiboaren izena hartuko da lanaren izenburu eta mezuan atxikita bidaliko da egilearen datu pertsonal eta harremanetarako zenbaki eta helbideak dituen testu-dokumentua.
Lanak euskarri fisikoan egingo dituztenek ere DIN A3 tamaina erabiliko dute, (297 x 420) eta Manuel Lekuona kulturetxera, Gazteen Informaziorako Bulegora eraman beharko dituzte, astelehenetik ostiralera, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara bitartean. Kartelaren atzeko aldean bere izenburua jarriko da eta kartelarekin batera gutun-azal itxi bat, egilearen datu pertsonal eta harremanetarako zenbaki eta helbideekin.