Zorionak, Elena!!!

Gorka Lasa 2012ko maiatzaren 4a

Hiru euskal emakume sukaldariren izenak aipatzeko esango banizue, arazoak izango zenituzketela uste dut. Lagunen artean egindako galdeketa txiki baten ondoren, biren izenak nahiko erraz bota dizkit jendeak, baina hirugarrenarena….
Gure artean ezagunena Elena Arzak da, Juan Mari Arzaken alaba, eta ondoren, Karlos Argiñanoren arreba den Eva Argiñano. Horrela aipatzen ditut, jendeak horrela ezagutzen baititu. Betidanik egin izan dute lana gerizpean, hurrenez hurren, aitaren eta anaiaren gerizpean, baina inola ere ez nituzke gutxietsi nahi.
Orain hogei bat egun, Elena Arzak munduko emakume sukaldaririk onena izendatu dute, eta hemendik berari nire zorionik beroena.
Euskal sukaldariak biziki preziatzen, balioesten, aintzat hartzen dituzten hainbat sari, gida eta zerrenda aski ezagunak dira gure artean, baina inork gutxik izango du beste sari honen berri, emakume sukaldariena, alegia.
Gure etxeetako sukaldean emakumea aritzen da oro har, betidanik izan baita bere esparrua.
Hala ere, etxeetatik kanpo, sukaldea gizonen mundua dela dirudi. Jatetxe, elkarte, gida eta zerrendetan gizonak dira nagusi. "Sukaldari" hitza entzun orduko, gizon itxura etortzen zaigu burura. Egia da, gizarte antolaketak beharturik, emakumea etxeko lanez arduratu izan dela nagusiki, eta honetaz baliaturik, gizonek beroien irudi publikoa sortzen eta saltzen jakin izan dutela.
Zerrendak zerrenda, eta sariak sari, gizonezkoek "izarrak" lortzen dituzten bitartean, emakumeek izarren artean bezala sentiarazten gaituzte. Edo, ezagutzen al duzue amonaren kroketak edo amaren patata tortilla baino hobea egiten duen gizonik?