Gizarte balioak herritarrengan sustatuz

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 4a

Maiatzaren 7, 8, 9 eta 10erako prestatu ditu Danok Kide Lasarte-Oriako elkarteak gizarte balioen inguruko “Balioetan Hezi” IX. jardunaldiak.

Aipatutako jardunaldien zuzendaria Pello Sarasua izango da, Baketik taldeko kidea eta bere helburua “bizikidetzaren berradiskidetzea” lortzea izango da, bai maila pertsonalean eta baita gizarte mailan ere. Koordinatzaile lanetan arituko dena berriz, Xabier Andonegi parrikoa izango da.
Bizikidetza sustatu asmoz, maiatzaren 7an hasiko da lau egun iraungo duen hitzaldi zikloak.
Manuel Lekuona kultur-etxeko hitzaldi aretoan izango dira mintzaldi guztiak, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Gatazka mintzagai

Lehenik eta behin “Gatazkari hurbiltzea” gaia jorratuko dute astelehenean.
Astearteko gaiak aldiz, gatazken ikuspuntu pertsonalari egingo dio erreferentzia, “Gatazken eta berradiskidetzearen aurrean gizartearen konpromisoa” izenpean.
Maiatzaren 9an, asteazkenez, gatazkaren ikuspuntu globala aztertuko dute, “Gatazken eta berradiskidetzearen aurrean gizartearen konpromisoa” gaitzat hartuta.
Azkenik, maiatzaren 10ean “Sufrimendua eta gatazkak” hitzaldia eskainiko dute.
Hitzaldi guztietan hainbat galdera planteatuko badituzte ere, nagusiki honako hauei erantzuna ematen saiatuko dira antolatzaileak: Zertan aldatu beharko genuke gure bizitza hobetu nahi badugu? Zer egiten dut mundu hau aldatu eta berritzeko? Zer egin dezaket gure herria aldatu eta hobetzeko? Izan ere, argi dute antolatzaileek bizitzarik ez dugula aldatuko bizitzeko era aldatzen ez dugun bitartean.
Bizitzeko era aldatuko bada, “milaka ekintzen bateratzea” beharrrezkotzat ikusten dute antolatzaileek eta hori lortzeko argibide gehiago emango dituzte astelehenean hasiko den hitzaldi zikloan.