San Pedro jaiak gertu ditugu eta hainbat dira jaietan haien txapelketari amaiera ematen dioten lehiaketak. Hauetako bat dugu Intza elkarteak antolatzen duen Esku pilotako San Pedro Jaiak XX. txapelketa.
Benjamin, alebin eta infantil mailako haurrek, hau da, 1999. eta 2003 urte artean jaiotako Lasarte-Oriako haurrek parte hartu dezakete.
Txapelketa larunbata eta igande goizetan jokatuko da Loidi-Barrengo pilotalekuan. Antolatzaileek aipatu dutenez, finala eta final erdiak zuriz jantzita jokatuko dituzte parte-hartzaileek.
Benjamin eta alebinek pilota goxoarekin jokatuko dute, infantilek, berriz, tokeko pilotarekin.
Intzako antolatzaileek azpimarratu dutenez, elkartea ez da txapelketan zehar gerta litezken istripu edo lesioen erantzunle egingo.
Beteranoak
Era berean, iazko harrera ona ikusita esku pilotako Beteranoen II. txapelketa ere jarriko du martxan elkarteak.
Honetan, 1976an urtean eta aurreko urteetan jaiotako herritarrek parte hartu ahal izango dute.
Txapelketako baldintzei dagokionez, pilota goxoarekin jokatuko da; sakea hirutik hirura izango da eta 22 tantora izango dira partidak.
Hauek ere, larunbata eta igande goizetan jokatuko dituzte partidak Loidi-Barrengo politalekuan eta finala eta final-erdiak zuriz jantzita jokatuko dituzte.
Izena ematea
Bi txapelketa hauetan izena emateko epea ireki du Intza elkarteak.
Interesa dutenek asteartetan Michelingo pilotalekura edo ostegunetan Loidi-Barrenengo pilotalekura hurbildu behar dira, 18:30etik 20:00etara eta Peio Sarasolarengatik galdetu behar dute.
Inskripzioa egiteko azken eguna maiatzaren 15a da. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez da izena ematerik hartuko epetik kanpo.
