Denetarik egin du azken urteotan Ixiar Rozas idazleak. Ikasketez kazetaria, gerora idazle eta gidoigile, dokumental-zinema zuzendari, ikertzaile,... aritu da. Iaz aurkeztu zuen ahotsari buruzko tesia "Voicescapes, Ahotsaren, lengoaiaren eta ukimenaren esperientzia eta ahalmen-potentzia gaur egungo dantza erakustaldietan” Leioako Arte Ederretako Fakultatean.
Azken urteotan aste eszenikoetan murgildu bada ere ez dio idazteari utzi. Ixiar Rozas beraren ustez, “dena ikasketa prozesu baten barruan dago. Idazketa zentzu zabalean ulertzen dut, modu askotan idatz daiteke eta leku askotatik. Doktore tesia egiteko asko ikertu eta idatzi behar izan dut eta horrek ere nire kreazio lana aberasten duela iruditzen zait. Bestalde, irudiarekin lan egiten dudanean, bideoarekin, idatzi egiten dut halaber. Koreografoekin eta artistekin kolaborazioak egiten ditudanean, praktika eszenikoetan, hori ere idazteko modu bat da. Gorputzarekin, gorputzaren mugimenduarekin, espazioan idazteko aukera dugu. Praktikatik teoriara eta teoriatik praktikara, hor sortzen den espazioa, gunea, lekua, solasaldia, interesatzen zait”.
Aspaldion ez duzu ipuin edota nobelarik argitaratu... idazten al duzu? Zertan ari zara?
Beti idazten dut. Idazten ez dudanean ere idatzi egiten dut, pentsa. Irakurtzen dugunean ere idatzi egiten dugu.
Eta buruko pentsamenduei bueltak eta ordena ematea, ez al da idaztea? Nahiz eta gero hori dena paperera ez eraman. Nonbait gelditzen da gordeta, eta gero zerbaitetan lanean zaudela atera egiten da, askotan ezustean. Une honetan hainbat proiektu ditut eskuartean, eskolak eman, hitzaldiak, laborategiak, testu laburrak... Eta guztien gainetik, amatasuna, hori maiuskulatan. Beti dut zerbait eskuartean.
Performaktibitateari buruz jardun zara. Zer da ba darabilzun kontzeptu hori? Ba al duzu labur-labur azaltzerik...
Zaila da horrelako kontzeptu konplexu bat labur azaltzea. Eta serioegia jarriko naiz… Arlo eta ezagutza eremu askotan erabiltzen den hitza da, baina 50. hamarkadatik, lengoaiaren filosofiatik dator: nola egin ekintzak hitzekin, hori litzateke oso modu laburrean.
Aspaldian Perfomance bat edo beste egin duzue...
Lehen aipatu bezala, bai, arte eszenikoen arloan murgildu naiz azken hamar urteotan, modu praktikoan eta teorikoan. Pieza eszenikoetan lan egin dut zuzenean: nire testuak erabiliz eta baita eszenan egonda ere.
Eta zeharka ere bai, dramaturgia lanetan. Dantzaren arloan gehienbat eta, beste artista batzuen artean, Idoia Zabaleta koreografoarekin lanean. Beiruten, esate baterako, gero hainbat lekutan aurkeztu genuen “4 ibilbide eta beste argazki batzuk” pieza eszenikoa sortu genuen 2007an.
Ornitorrinkus, proiektuan ere parte hartu duzu, zertan konkretuki? Zer deritzozu?
Lan interesgarria da. Esperimentatzea eta ezagutzen ez dituzun guneetan barneratzea aberasgarria izan ohi da artista batentzat. Diskorako testu bat idazteko eskatu zidaten, eta gustura hartu nuen parte proiektuan.
Zure doktore tesia, ere bide horretatik doa, ahotsa eta dantza lotu eta ikertu zenituen. Laburbilduko al zenuke bere oinarria?
Zaila da oso horrelako lan mardula hitz gutxitan azaltzea. Eta serio jarriko naiz berriro… Egungo dantzaren eszenan lengoaia eta ahotsaren erabilerak dituen ondorio estetiko eta politikoei buruz idatzi dut.
Iruñean ikasi zenuen komunikazioa duela urte batzuek, eta tesia Bilbon aurkeztu, iaz. zein lotura duzu Arte Ederretako fakultatearekin?
Hor irakurri dut tesia, hori da dudan lotura. Euskal Herriko unibertsitateetan egun ez dago oraindik arte eszenikoen departamendurik, arte eszenikoei begira goi mailako ikasketarik.
Urte batzuetako atzerapena dugu horretan, beste herrialde batzuekin konparatuta. Horregatik jo nuen Arte Ederretako fakultatera. Beste ikerlari bat dago nire egoera berdinean.
Kanpoan hasitako ikasketak hemen amaitu nahi nituen, hemen amaitu nahi nuen doktore tesia.
Euskaraz bakarrik argitaratu al duzu ala beste hizkuntzetara itzulita daude zure lanak?
Hainbat hizkuntzatan irakur daitezke nire testuak, ingelesez, italieraz, portugesez, gazteleraz…
Euskaraz eta gazteleraz idazten dut, bietan. Zorionekoak gara gu elebidunak izateagatik.
Aspaldi atera zinen herritik, Herriko zein oroitzapen nabarmenduko zenuke? Etortzen al zara tarteka?
Bai horixe, gurasoen etxera joaten naiz, Zabaleta Auzora. Auzoko oroitzapenak baditut, bai.
San Juan suan egiten genituen ur-globoen gerrak, hori gogoratzen dut adibidez, korrika eta korrika ordu txikiak arte.
Min ematen du orain nola hondatzen ari diren ikusteak. Eraikuntza lan berrietaz ari naiz. Herriak duen birikietako bat horrela hondatzea.
Jakina da eraikuntzan azken urte hauetan nonahi egin diren gehiegikeriak, atzean dauden interesak, espekulazioa…
Zubietan egiten ari direna ez aipatzeagatik. Mendi bat hondatu eta orain lanak utzi… Nola liteke?