Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen lan berria ekartzeko asmoa zuen Udalak Boris Nogalesek esan duenez, eta horri beste egitarau guztia gehitu zaiola herriko elkarteen bultzadari esker. Emanaldi bat izan behar zena egun osoko festa bilakatu da, beraz, Kukukaren 10. urteurrena ospatzeko hamabostaldiari hasiera emanez. Pailazoek beraiekin diskoa grabatu duen Bonberenea txaranga ekartzeko asmoa zuten, Jalgunek Motxila 21 musika taldea gonbidatzeko eta egitaraua Deabru Beltzak taldeak osatuko du.
Motxila 21 Iruñeko musika taldean Down Sindromea dutenek jotzen dute besteak beste Drogas Barricada taldeko abeslari ohiarekin batera. Aurten 10 urte bete ditu Jalgunek eta ospakizunen egitarau zabalaren barruan kokatzen da talde berezi honen bisita.
Udalaren Gizarte Zerbitzuetako buru den Gorka Lizarragak prentsaurrekoan nabarmendu du jai honetan ikusiko dela Jalgunek egiten duen lan oparoa, batez ere, laguntza behar duten haur eta gaztetxoen aisiaren arloan. “Garrantzitsua da pertsona horiek herrian egiten diren kultur ekitaldi eta aisialdiko ekintzetan bateratzea eta parte hartzea. Honelako zenbat eta ekitaldi gehiago antolatu hobeto” esan du Lizarragak.
Iaz Verdini dantza taldea gonbidatu zuen Jalgunek eta aurten Motxila 21 ekartzea erabaki du, pailazoen diskoan abesti bat grabatu dutela jakin ondoren.
Joxe Mari Agirretxe, Porrotxek, eskerrak eman dizkio Udalari berriro “gure herrian” aukera emateagatik eta maiatzaren 12an dena emango dutela agindu. Atzo aurkeztu zen maratoiarekin lotu zuen pailazo taldearen sorrera, duela 26 urte bat eta duela 25 bestea “helburu berberarekin” euskara bultzatzea alegia.
Agirretxeren iritziz, 25 urtean gauzak aldatu dira, “herri politagoa daukagu” etxeei baino pertsonei begiratuz, “euskaraz bizi diren elkarte berriak sortu direlako esparru guztietan eta pozik sentitzen gara pailazo bezala eta pertsona bezala” esan du.. Londresek etorri berriak diren pailazoak munduko eta Euskal Herriko hainbat lekutan egon badira ere beraien bihotza “hemen” dagoela esan du Porrotxek, “hemen jaio gara, lasarteoriatarrak gara, gure herria dagoen gauzarik handiena da eta toki guztietara Lasarte-Oriako izaera eraman dugu harro eta pozik”.
Goizeko 11:00etan Bonberenea txarangarekin hasiko da festa. Desfilea izango da herriko kaleeetatik barrena eta honetan Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta Jalguneko gazteak parte hartuko dute. Antolatzaileek herritarrei desfilearekin bat egitera deitzen diete.
12:00eta kontzertua eskainiko du Motxila 21 taldeak, arratsaldean herriko pailazoek Zazpikoloroa ikuskizuna eskainiko dute bi aldiz, 16:30 eta 19:00etan Manuel Lekuona kultur-etxean. Lehen saioa Motxila 21 taldeko lagunak izango dira pailazoekin eta bigarrenean Kukukakoak. Azkenik 21:30ean hasiko da Deabru Beltzak taldearen kale ikuskizuna.
Udalak bi ohar luzatu zituen, batetik Zazpikoloroa ikusteko sarrerak ia agortu direla jakinarazteko, -www.lasarteoriasarean.eu web orrialdean eta kultur etxeko leihatilan daude salgai- eta bestetik gurasoei ikuskizunera ahal bada haurren aulkirik gabe joan daitezela eskatzeko.
