Dagoeneko hemen da Euskararen Maratoiaren zortzigarren edizioa. Gezurra badirudi ere lau urte igaro dira azken Maratoitik, “Korritzeko modukoa!” izan zen Maratoi hartatik. Aurtengoa “Bihotzetik plazara!” dator.
Okendo plaza izan da hasieratik festa honen erdigune eta aurtengoan espazio hau ere eraberrituta dugu. Ondo gogoratuko duzuenez, azken Maratoia bukatu bezain laster itxi zuten Okendo plaza zaharra. Aurten beraz, Maratoiak estreinatzeko dauka espazio, plaza, elkargune hau. Euskarak 40 orduz protagonismo osoa hartuko du eta ohi bezala zortzikoteak izango du oholtzatik festa gidatzeko ardura.
Zortzigarren edizio honetan badira hiru errepikatzaile zortzikotearen baitan. Agustin Mujika, Joxe Mari Agirretxe eta Rebeca Garces. Hirurak esperientzia handikoak, lehen biak hasieratik izan dira festa honen parte eta eragile eta esperientzia honekin lehenengoz oholtzara igoko diren lagunei laguntzeko ardura ere izango dute. Adin eta perfil desberdinetako zortzikotea osatzea lortu da eta dagoeneko lanean dihardute ikusleak harritu eta ondo pasa arazteko ekimen eta ekintzak prestatzen.
Teknologia berriek ere lekua izango dute aurtengoan. www.euskararenmaratoia.com webgunea berrituta dator zortzigarren honetan eta hau izango da festaren euskarrietako bat. Izan ere, bertan euskararen festa handi honen inguruko informazio guztia jasotzeaz gain, zortzikoteko kideen aurkezpena, Maratoiko kantak entzungai eta eskuragarri daude, bideoklip berria eta aurreko edizioetako argazki eta bideo galeria oparoa besteak beste prest dira. Era berean, sare sozialetan murgilduko da Maratoia aurtengoan. Hala ere, hau aurrerago izango da.
Oraindik ezustekoak asko izango direla aurreratu daiteke beraz, adi jarraitu Maratoiaren inguruan datozen hilabeteotan sortuko diren berriak!
