Loidi-Barrengo pilotalekuan primerako Amaraun jaialdia ari dira ospatzen

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 5a

Guraso, gaztetxo, begirale... Den denak ari dira primeran pasatzen Loidi-Barrenen antolatu duten Amaraun Jaialdian. Goizean goizetik puzgarriak, giza-futbolina, tailerrak eta hainbat mahai joko ezberdinez gozatu ahal izan dute herriko gaztetxoek. Makarroiak bazkaltzeko osteratxo bat egin ostean, arratsaldean festak jarraitu egingo du, besteak beste, magia ikuskizuna, mozorro desfilea eta txokolatada izango baititugu 18:00etatik aurrera.

Txikitxoenek primeran pasa dute puzgarrietan saltoka.
Eguraldia petralduko zelakoan aldatu zuten Amaraun Jaialdiaren kokagunea. Printzipioz Okendo Plazan jartzekotan ziren, baina eguraldiak okerrera egingo zuen beldurrez lekualdatu zuten Loidi-Barrengo pilotaleku estalira. Hala eta guztiz ere, herritar mordoa hurbildu da euren seme-alabekin batera Amaraun jaialdiaz gozatzera. Goizeko puzgarri eta tailerren ostean, 14:00ak aldera "makarronada" handi bat egingo dute herriko 100 gaztetxok eta arratsaldean berriro hasiko dituzte puzgarri eta tailerrak 18:00ak arte. Ordu horretatik aurrera, magia ikuskizuna, mozorro desfilea eta txokolatada handi bat prestatu dituzte herriko haur guztientzat.

Giro oso polita dago! Anima zaitez!

Hainbat mahai-jokoren artean, billarra ere izan dute aukeran jolasean aritzeko.