06_Giro ederra Azkorten

Nerea Eizagirre 2012ko maiatzaren 6a

Atzo, Santa Krutz eguna ospatu zuen Lasarte-Oriak Azkorteko ermitan. Herritar ugari izan zen urteroko hitzordu honetan. Meza, bertsolariak, herri-kirolak eta musika izan ziren Ttakun kultur elkarteak antolatzen duen erromerian. Haize hotza eta lainoak egon arren, giro ederra sortu zen ermita inguruan.

Lasarteoriatar ugari hurbildu zen Azkorteko ermitan egin zen mezara.

Azkorteko gurutze gure zaindaria, zure oinetan dituzu Lasarte eta Oria”, horrela diote Azkorteko ereserkiko lehengo hitzek eta horregatik, nahiz eta laino ugari izan zeruan, asko izan ziren Azkorteko ermita eta bere inguruetan izan ziren herritarrak.
Hamaikak baino lehen, autobusez edo oinez iritsi eta ermitara sartzen ziren gehienak meza entzuteko lekuaren bila.
Iñaki Aranzadik eskainitako meza Amalur trikiti eta pandero eskolako lagunak eta Alboka abesbatzako kideek girotua izan zen. Bertsoak, euskal doinuak eta agurra ere entzun ahal izan ziren.
Ermitako ospakizuna amaitu eta Biyak Bat erretiratuen elkarteko eta Ttakun kultur elkarteko kideek patata tortila, salda, txorizo, odolki eta haragi egosia prest zuten, erromesek indarrak berreskuratu ahal izateko.

Amalur eskolako lagunek erromeria girotu eta jende dantzan jarri zuten.
Musika, hitza eta kirola

Bitartean, Amalur trikiti eta pandero eskolako gaztetxoek haien doinuez berotu zuten giroa.
Andoni Otamendi eta Zigor Iriondo Lasarte-Oriako Bertso-eskolako kideek ere bertso-saioa eskaini zuten.
Harri-jasotzaileak eta aizkolariak ere lanean izan ziren. Proba ezberdinak ikusi hala izan zituzten erromeriara hurbildu zirenek.
Lehenik Aratz Mugerza eta Jokin Alkizalete aizkolariek ea nork kolpe gutxiagotan egurra mozten zuen jokatu zuten.
Jarraian, Beñat Telleriak 5 jasoaldi egin zizkion 125 kiloko zilindro zaharrari eta Iagoba Otaegik 100 kiloko kubikoan 2 minutuko saioa egin zuen.
Aizkolarien hurrengo lana enborra ahal zuten denbora gutxien moztea izan zen.
Azkenik, proba konbinatua izan zen. Honetan Iagoba-Aratz eta Beñat-Jokin izan ziren bikoteak. Lana 100 kiloko zilindro zaharrari 6 jasoaldi egin ostean, enbor bat moztea izan zen. Mugerza eta Otaegi izan ziren garaileak.
Ospakizunak Amalur-eko lagunen donuekin amaitu zen eta izan ziren dantza egiten animatu zirenak.