Emanaldi oparoa
Gaua herriko bertso-eskolako sei neska-mutikoren bertsoekin hasi zen. Azaldu zutenez, 5. aldia da Udaberriko jaialdia antolatzen dutela eta aurtengo gaitzat “Auzokoarekin auzolanean” hartu zuten.
Behin lau bertsolariek agurrak botata, Xumelakoen txanda etorri zen. Hauek kantuan egiten zuten bitartean, Enara Yeregi eta Jokin Aierregarai dantzariek euren dohainak erakutsi zituzten oholtza gainean.
Ostean, Mundialak Gara taldeko etorkinek euskaraz kantatzeko ausardia eduki zuten, ikusleen aldetik txalo zaparrada handia jasoz.
Kirolak ere izan zuen tarterik larunbateko saioan, Beltzak-Ostadar rugby eskolako kideek “touch” bat (alboko-sakea) egin eta Lujanbio errugbia egin nahi duen alabaren amaren azalean jarri zuten.
Txalapartak ere betidanik izan du leku berezia lasarteoriatarren bihotzetan. Txalagore txalapartarien ttakun eta herrenaren erritmora, puntuka aritu ziren Egaña eta Muñoa.
Kukuka dantza eta antzerki eskolak ere izan zuen zeresanik emanaldian. Besteak beste, Gernikako bonbardaketaren antzerki hunkigarri bat eskaini zuten, “Gernika erre ziguten, baina zutunik dago arbola” izan zuten gaitzat bertsolariek eta ale politak utzi zituzten garaiko argazkiez girotuta.
Bestalde, Labakak gogoan izan zituen Presoen Lagunak Taldea eta herriko Txurdi peso politikoa, hiru bertso sakon eskainiz biei.
Erketz dantza taldekoek Egaña eta Aneren bertso-doinuen pean dantzan aritu behar izan zuten ariketa zail batean.
Guzti horiez gain, Udal Musika Eskola eta herriko hainbat musikari eta dantzari aritu ziren gaua girotzen.
Amaitzeko, puntuka umore ukitua jarri zuten lau bertsolariek eta Euskararen Maratoiko zortzikotea ere oholtzaratu zen.

