“Komedia ikasten ari naiz Madrilen”

jon-altuna-egitegi 2012ko mai. 7a, 11:29
Irribarrea ez du sekula galtzen Mikel Bermejo bakarrizketa-egileak. Gustoko du barre egin eta barre eragitea, 20 urteko gaztea espezialista da gauza guztiei alderdi ona ikusten, edozein lekutan sor baitezake bakarrizketa dotore bat. Gaur egun, Madril aldean ari da komediaren nondik norakoak ikasten eta pixkanaka maila hobetzen ari dela nabari du. Bertan, proiektu berri batean sartua dabil buru-belarri, "Madrid Comedy Club" izeneko taldean.
Aurrera begira, euskara eta ingelesezko bakarrizketak osatu eta gidoilari gisa jardutea du amets Mikel Bermejok. Ekainaren 26an izango du herritarren aurrean bere dohainak erakusteko aukera, Abend tabernan emanaldia hitzartu duela esan baitigu.

Nondik datorkizu umorea egiteko zaletasuna? Zerk bultzatu zintuen honetan hastera?
Familian ez dago inor umoregintzan ibiltzen denik, aita pixka bat umorezalea da, baina ez gehiegi ere. Nire lehen pausoak lagunekin txisteak egitea izan zen.
Gerora monologo batzuk egiten hastea bururatu zitzaidan eta nire lanak hemen inguruko leku eta hedabideetan aurkeztuz joan nintzen. Hasiera haietan txiste herrikoi edo aurrez egituratuak egiten nituen. Baina gero nireak, propioak, egiten hasi nintzen eta pentsatu nuen umoregintzarako balio nezakeela.

Bakarrizketa on bat osatzeko errezeta zein da?
Irudimen asko eduki behar duzu, edozein arlotan bezala. Garrantzitsua iruditzen zait gai guztiei zure iritzia edo ikuspuntua ematea, gehienetan egiazko gauzak kontatzea da balio duena, benetan gertatu direnak. Esaten duzuna errealtatearekin bat baldin badator grazia eukiko du ziur.
Horretaz gain, txistearen egitura egokia zein den jakin behar duzu, hasieratik errematera indarra gal ez dezan.

Gauza pertsonalak erabiltzen dituzu bakarrizketak osatzeko edo kanpotik hartzen dituzu?
Denetarik, baina gehienbat niri gertatu zaizkidan pasarteak erabiltzen ditut. Gertatzen zaizkidan gauza negatiboei aurpegi ona aterata egiten ditut sarri monologo onenak.
Madrilen gauza asko daude ikusi eta ikasteko, kultura askotako jendea batzen da bertan... Bestela ere, eguneroko edozein gai izan daiteke monologo batetarako egokia: mahaia, boligrafoa, Errege familia... zer edo zer aterako da beti.

Hobekuntzarik nabaritu al duzu hasi zinenetik?
Hobetzen zozen heinean, bakarrizketen mundua zailagoa ikusten duzu. Pentsatzen duzu zuk egun batean egindako txistea oso ona dela, baina zure atzetik datorrenak hobetu egiten du eta hurrengo egunean are hobea egitera behartuta sentitzen zara. Konpetentzia gogorra da bakarrizketen munduan. Askotan galdetzen diot neure buruari merezi ote duen hainbesteko lanak…

Bestalde, txiste berbera modu desberdinean hartzen du jendeak sarritan, eta zure ustez sekulako txistea denak ez die batere graziarik egiten, baina beste batzuetan, zure ustez txiste kaxkarra denak sekulako arrakasta edukitzen du... Ezin da inoiz jakin.

Euskaraz umorea egitea erraza al da? Erdarara jo ohi duzu umorea egiterako orduan.
Desberdina da. Niri errazagoa zait erderaz egitea, baina euskaraz egitea niretzako erronka moduko bat ere bada. Aurrera begira, 25 minutuko euskara hutsezko bakarrizketa bat osatzea dut begiz jota.

“Gehienbat niri gertatutako pasarteak erabiltzen ditut. Gertaera negatiboei aurpegi ona aterata egiten ditut monologo onenak”



Zer moduz Madril aldean? Hiri handia, bizitza berria, etxetik urrun...
Oso ondo, komedia ikasten ari naiz bertan. Lagun-irakasle bat daukat Madrilen, Jorge Segura, Santiago Seguraren lehengusua. Alderdi askotan laguntzen dit, aita bat bezala daukat jadanik han.
Bizitza Madril bezalako hiri handi batean zaila da, agobio pixka bat ematen du: jendetza handia, metroa etab. Hala ere, ez zait hain gogorra egiten ari, Arte Dramatikoa ikasten ari diren Erik Azallus herritarra eta beste neska batekin bizi bainaiz han. Baina zenbait momentutan gogorra ere egiten da, familia eta lagunak Lasarten dauzkadalako.

Zer da Madrid Comedy Club? Zer egiten duzue bertan? Zeintzuk osatzen duzue?
Geroz eta jende gehiago etortzen da gure klubak eskaintzen dituen ikuskizunak ikustera. Guk, bakarrizketen munduan hasiberriak direnei 3 minutu ematen dizkiegu monologo bat osatzeko. Jendeari gustatzen bazaio, hurrengo emanaldirako minutu bat irabaziko dute, hurrengoan agian irabazitako hori galduko dute… Jendeak ordaindu egiten du gu ikusteagatik eta maila mantendu beharra dago, horretarako daukagu puntuazio sistema hori.

Hiru pertsonak eramaten dugu proiektu berezi hau, Jaime Pastor, Jorge Segura eta hirurok. Jorgek aurkeztu egiten du saioa, Jaime eta biok musikaren arloa eramaten dugu jendea girotzen joan dadin.

Non egiten dituzue emanaldiak?
Madril erdiguneko bi tabernatan egiten ditugu saioak astean zehar. Gero, hilabetean behin Vallekas auzoko taberna dotore batean biltzen ditugu hilabeteko umoregile onenak.

Berezia izaten da, Paramount Comedy-ko jende profesionala, telebista saio desberdinetako gidoilariak etab. egoten baitira bertan. Asko gozatzen dugu "Hebe" izeneko tabernan, gau "makarra" izaten da, zentsurarik gabea, edozer esan daiteke 200 lagunen aurrean inolako beldurrik gabe. Ni hirutan izan naiz bertan bakarrizketalari.

Euskal Herrian ba al dago Comedy Club-ik?
Espainiako hainbat hirik badute euren Comedy Club-a eta hemendik urte batzuetara Donosti Comedy Club osatzeko asmoa dago.

Desberdinak al dira Madril eta Euskal Herriko ikusleak?
Bai. Euskal Herrian gogo gehiago dago, beroagoa izaten da giroa. Madrilen hasieran hotz-hotzak dira, txakurrak bezalakoak, beldurra usaintzen badute... lepora salto egiten dizute. Baina gero ezagutu egiten bazaituzte eta gustatzen bazaie, gogo handiz hartzen zaituzte hurrengo aldian.
Aurrera begira zein asmo dituzu, bakarrizketekin jarraitzea, Euskal Herrira itzultzea...
Etorkizuna han ikusten dut, Madrilen, serie bateko gidoilari gisa jardutea gustatuko litzaidake edo bestela AEBtara joan, ingelesa ikasi eta komedia lantzea, bakarrizketak asko lantzen baitira han. Egia esan, nire bigarren ametsa komedia ingelesez egitea da.

Bakarrizketa saiorik ba al duzu hitzartuta?
Madril aldean "bolo" bat edo beste atera zait oraintsu, Paramount Comedy-rekin ere kontakturen bat izan dut aurrera begira eta ekainaren 26an, 23:00tan, Lasarte-Oriako Abend tabernan arituko naiz, 25 minutuko gaztelaniazko bakarrizketa izango da, sorpresatxo batekin… Ikusi nahi duenak hurbil dadila!