Gaztetxoak ederki ligako jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 7a

Igeriketako ligako bosgarren jardunaldia izan zen lehenengo asteburuan eta Buruntzaldea IKT-ko txikienek haien trebetasuna erakutsi zuten estiloetako probetan. Ederki aritu ziren igerian eta gaztetxoetako batzuk garaipena lortu zuten haien probatan.

Buruntzaldea IKTk benjaminak eta alebinak, apirilaren 28an, Tolosan izan ziren, ligako bostgarren jardunaldian parte hartzen.
Borja Apeztegia entrenatzailearen hitzetan, ”ligari amaiera emateko saio txukuna osatu zuten gure igerilariek”.

Benjaminak
Benjaminek 100 estiloak proba izan zuten.
2003an jaiotakoen artean, Leire Martinek lehenengo postua eskuratu zuen eta Jon Millan bigarren izan zen.
2002an jaiotakoen artean Irati Arzallus izan zen azkarrena eta Lander Sorozabalek bigarren postua lortu zuen.
Honetaz gain, 6x25 estiloak errelebo mixtoa izan zuten. Buruntzaldeak hiru talde aurkeztu zituen eta “oso txukun eta oso gustura aritu ziren”.

Alebinak
2001ean jaiotako gaztetxoek eta 2000 urteko mutilek 200 estiloak proba izan zuten.
2001 urteko nesken mailan lehen lau postuetan herriko taldeko neskak izan ziren. Nahia Jie Villamediana izan zen lehena. Leire Carcedok bigarren postualrotu zuen, Nora Irazustak hirugarrena eta Amaia Izagirre laugarren izan zen.

Adin berean, Jon Soto izan zen taldeko azkarrena, hirugarren postua lortuz. Proba honetan, Ibon Etxarri laugarren izan zen.

2000ko mutilen artean Beñat Alkortak seigarren postua lortu zuen.
Azken urteko alebinek, hau da, 2000an jaiotako neskek eta 1999ko mutilek 400 estiloak proba izan zuten.
Nesketan Janire Berasarte bigarren postuan sailkatu zen eta Maialen Casado hirugarren izan zen. Eta 1999ko mutiletan Iñaki Etxebeste izan zen azkarrena zazpigarren postua eskuratuz.
Alebinek saioa amaitzeko 4x50 bular erreleboa izan zuten.
Nesketan bi errelebo izan ziren eta biak lehen postuetan sailkatu ziren.

Ainara Garciak, Janire Berasartek, Maialen Casadok eta Nahia Jie Villamedianak osatutako taldeak lehen postua lortu zuen; Leire Carcedok, Amaia Izagirrek, Nora Irazustak eta Erika Rodriguezek osatutakoak berriz, bigarrena. Mutilen erreleboak laugarren postua eskuratu zuen.
“Jada denboraldi amaieran sartuta gaude eta adin bakoitzarentzat genituen helburuak ondo beteta iritsi gara,” aipatu du Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak.

Baina oraindik ez dute atsedenik izango, alebinek Gipuzkoako txapelketak izango dituzte hurrengo asteburuan, maiatzaren 12 eta 13an, Azpeitian eta benjaminek Lasarteko Sarian izango dira, ekainaren 16an.