Landaberriko gazteak hirugarren Valentzian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 7a

Landaberri ikastolako taldeak apirilaren 28 eta 29an Valentzian izan zen “Atletismoarekin gozatzen” ekimeneko finalean brontzezko domina lortu zuen.
Ane Galardi, Eneritz Busto, Idoia Olasagasti, Maria Eugi eta Oihana Igarrizek osatzen duten taldeak sei arerio izan zituen eta hirugarren postuan amaitu zuten lehiaketa.
Amaia Andresek entrenatzaileak azaldu digunez, “meritu handia da esperientzia handiko ikastetxeen aurka lehiatu baitira.”
Gainera egindako talde lana azpimarratu du, “gehienek markak hobetzea lortu zuten eta ez zen akatsik egon lehiaketa osoan”.
Entrenatzaileak adierazi digunez, proba bakoitzean hiru atletek parte hartzen zuten eta bi marka onenak hartzen ziren kontuan.
Gazteek egin behar izan zituzten probak 60 metroko lasterketa, 60 metrotako hesi-lasterketa, 2 km. martxa proba, altuera jauzia, pisua, 1000 metrotako iraupen proba eta 4x100 metrotako erreleboa dira.
Honela, altueran, 60 metroetan eta erreleboan lortutako garaipenek hirugarren postua lortzeko balio izan zien herriko gazteei.