Aldi baterako enplegu erregulazioa Michelinen

jon-altuna-iza 2012ko maiatzaren 8a

Michelin enpresak LasarteOrian duen tailerreko langileei aldi baterako enplegu erregulazioa jakinarazi die. 600 langileetatik 500 inguru geldituko dira egun batzuetan etxean, maiatza eta iraila bitartean gehienez 36 egunetan hain juxtu. Urtero hainbat milioi eurotako irabaziak izan dituen enpresa multinazionalak ia 5000 langile jarriko ditu erregulazioan Lasarte-Oria, Gasteiz, Valladolid eta Aranda de Dueroko lantegietan. Gaur bildu dira langileen ordezkariak enpresarekin eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuak enpresarekin negoziatzen ari dira honek ordainduko dituen osagarrien bataz bestekoa. Enpresak %70 ordainduko duela agindu du eta sindikatuek %90a ordaindu dezala eskatzen dute. LAB, ESK eta CGT sindikatuen iritziz, aldiz, ez da bidezkoa emaitza onak dituen enpresak salmentetan dituen jaitsierak langileen bizkarrera botatzea eta diru publikoa erabiltzea gorabehera horiek erregulatzeko.

Michelineko langileen protesta iaz hitzarmen justuaren alde, enpresaren atean.
Aurreko astean inauguratu zituen Michelin enpresak motoentzako pneumatikoak egiteko instalazio berriak. Birmoldaketa egiteko lu urte eta 80 milioi euroko inbertsioa behar izan dituzte. Orduan, gogor kritikatu zuen LAB sindikatuak Michelinen zuzenean 550 lanpostu eta zeharka beste 250 galdu direla eta zuzendaritzak 500 lanpostu sortuko zirela esan bazuen ere, ez lanpostu berri bat bera ere sortu. Orain Lasarte-Oriako tailerrean ari diren 600 lagunetatik 500 inguruk ondorengo hilabeteotan ez dute lanik egingo egun batzuetan. Langileen ordezkariek adierazi digutenez, motoen pneumatikoen ekoizpena 17 egunetan etengo da, baina ez dakite horrek langileengan zenbateko eragina izango duen, zenbat lan jardunaldi galduko dituzten alegia. Langile gehienak hor ari dira lanean, erregulaziotik soilik errubera handientzako pneumatikoak prestatzen dituen tailer txiki bat libratu da.
Gaur asteartea, langileen ordezkariak enpresaren zuzendaritzarekin bildu dira eta bi jarrera nagusitu dira. Batetik, CSIF, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek enpresarekin honek ordainduko duen partea negoziatzea erabaki dute, eta enpresak %70era arte osatzea eskaini duen bitartean, aipatutako sindikatuek %90eko konpensazioa eskatu dute. Ostiralean erantzungo du zuzendaritzak.
Bestalde, Lasarte-Orian nagusi diren LAB, ESK eta CGT sindikatuetako ordezkariek uste dute ezin dela onartu etekinak dituen enpresa batek diru publikoa eta langileen soldata erabiltzea, salmentetan dituen gorabeherak berdintzeko edota ordaintzeko. Jon Martin LABeko ordezkariaren ustez lapurreta bat da horren emaitza eta etekin onak dituen enpresak diru publikoa erabiltzea bere irabaziei eusteko. LABek emandako datuen arabera, 2011an 1.462 milioi euro irabazi zituen Michelinek, aurreko urtean baino ehuneko 39 gehiago. Horregatik, enpresaren erabakiari langile guztiek elkarrekin erantzutearen aldekoak ziren sindikatu hauek, baina Lasarte-Oria, Gasteiz, Valladolid eta Aranda de Dueroko langile guztien ordezkaritza kontuan hartuz nagusi diren UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek gehiengo hori baliatu dute negoziaketak hasteko.
Esan bezala 5.000 lagun ingururi eragingo die aldi baterako lan erregulazio honek, horietatik 500 Lasarte-Oriako lantegikoak dira eta beste 1.700 Gasteizkoak. Egun batzuetan ez dira lanera joango, egun horietan langabeziatik ordainduko zaie eta enpresak osatuko du parte bat.Irailera arte luzatuko da erregulazioa eta asko jota 36 egunetan geratuko dira etxean.