Michelingo zelaia hizpide udalbatzarrean

maider-azurmendi 2012ko maiatzaren 9a

Michelingo zelaiaren belarra aldatzeko eskaera jasotzen zuen mozioa erretiratu zuen Jesus Zaballos bozeramale sozialistak udal gobernuaren aldetik izandako informazio eza gogor salatuz.

Lasarte-Oriako PSE-EEk Michelingo zelaiaren inguruan aurkeztutako mozioa izan zen lehen gaia atzoko Udalbatzarrean. Zaballosek aurkeztu zuen Michelingo zelaiko belarra aldatzeko bere alderdiak egiten zuen proposamena eta gogor salatu zuen udal gobernuak dagoeneko udaran lan hauek hasteko asmoa lehenago jakitera eman ez izateagatik.

"Komunikabideen bitartez jakin dugu dagoeneko zelaia aldatzeko lanak hastekoak direla eta aurrekontuetan hauek burutzeko diru partida aurreikusten dela. Herritarren parte hartzea sustatzen duzue baina ez duzue berdin jokatzen udala osatzen dugun alderdiekin. Guk ez genuen honen berri beraz ez da hanka sartzea izan mozio hau aurkeztea".

Taxio Arrizabalaga zinegotziak erantzun nahi izan zion. Dagoeneko aurrekontuen borradorea eskutan martxotik dutela esan zuen honek eta bertan islatzen dela lan honetarako bideratutako dirua.

Estitxu Alkortak hitza hartu zuen ere hika-mika honetan eta azkenik alderdi sozialistak mozioa erretiratu zuen.

Gazte lokalak

Eztabaidarako hurrengo puntua PSE-EEk aurkeztutako beste mozio bat izan zen. Honakoa gazte lokalak arautzeko ordenantza bat sortzeko proposamena egiten zuen. Horrela gazteek euren aisiarako erabiltzen dituzten alokatutako lokal hauek segurtasun aldetik besteak beste, araudia betetzen dutela ziurtatuko luke ordenantza bereziak.

Bilduk bestelako jarrera azaldu zuen. Pablo Barriok lokal hauen erabilera, orokorrean, aztertu behar dela esan zuen eta ez kontutan izanda nortzuk diren hauen erabiltzaileak. Lokal guztiek baldintzak bete behar dituztela azpimarratu zuen alkateak eta Bildutik ez dela bereizketa hori egiteko beharra ikusten.

Alkateak gaineratu nahi izan zuen herriko gazteen aisiarako eskaintza orain arte herrian nahiko eskasa izan dela eta hau dela eta ugaritu direla mota honetako lokalak. Aurrerantzean gazteekin biltzeko asmoa erakutsi zuen alkateak hauen beharrak zeintzuk diren gertutik ezagutu behar direlako. "Gazteria autonomo eta parte hartzaile bat bultzatu behar da".

Zaballosek mozioa zabaltzeko proposamena egin zuen, lokal guztiak arautuko dituen ordenantza bat proposatuz. Bozketan berdinketa gertatu zen eta alkatearen kalitatezko bozkari esker ez zen mozioa aurrera atera.

Lodosara laguntza

Gai zerrendan azken puntua Bilduk proposatutako mozioa zen. Honetan Lodosako Ibaialde ikastola laguntzeko ekimenarekin bat egitea proposatzen zen. Honen bitartez Lasarte-Oriako ikasle bakoitzeko udalak 50 zentimoko aportazioa egitea proposatzen zen, guztira 700 euro inguru.

Udal kontu-hartzaileak hitza hartu eta honakoa ezin zela bozkatu azaldu zuen, diru hau ez dagoelako partidetan aurre ikusita.

Hala ere, alderdiek euren iritziak eman zituzten, besteak beste kontuetan Nafarroa Oinez laguntzeko diru partida bat jasotzen dela azpimarratu zuen Alkortak. Zaballosek aurreztearen aldeko jarrera defendatu zuen eta mozioa bera ez zen aurrera atera.

Michelingo egoera

Azken momentuan PSE-EEk Michelinek egingo duen aldi baterako enplegu erregulazioa dela eta langile eta hauen familiei babesa erakusteko mozioa aurkeztu zuen. Alderdiek hau aztertu ostean, Bozeramaleen batzordean erabaki komun bat hartzeko asmotan, mozioa momentuz mahai gainean uztea erabaki zuten.

Azkenean galderak egiteko tartea zabaldu zen eta Zaballosek aurrekontuak noiz egongo diren galdetu zuen. Estitxu Alkortak datorren astean batzordean aurkezteko moduan izango zirela adierazi zuen.