Antzerki eta Dantza hamabostaldia aurkeztu du Kukukak

jon-altuna-iza 2012ko mai. 9a, 14:58
Kukuka Eskolako kideek Udal ordezkariekin batera 10. Antzerki eta Dantza Astea aurkeztu dute Manuel Lekuona kultur-etxean. Guztira 700 ikasle inguruk parte hartuko dute hamabostaldian eta 20 emanaldi baino gehiago egingo dira kultur etxean eta herriko Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetan. Hamabostaldiari maiatzaren 26an Kukukaren X. Urteurreneko festarekin emango zaio amaiera. Egun osoko festa izango da, goizean Kukukako partaideek desfile koloretsua egingo dute, bazkaria herrikoia izango da eta gaueko kontzertuetara bitartean ez da girorik faltako.
Sortu zenetik 10. urteurrena betetzen ari den Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak ondorengo egunotako emanaldi eta ospakizunen berri eman du gaur goizean Manuel Lekunuona kultur-etxean. Maiatzaren 14tik 25era luzatuko den antzerki eta dantza hamabostaldiaren eta X. Urteurreneko festa handiaren aurkezpenean izan dira, Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea, Boris Nogales kultur zinegotzia eta Kukukako zenbait partaide, besteak beste, Kontxu Iartza, Antzerki arloko arduraduna, Maider Oiartzabal Dantza arloko arduraduna eta Joxe Mari Agirretxe.
Aurten hamabostaldia berezia izango dela nabarmendu dute, 10. urtea betetzeaz gain, gaur egun gero eta talde gehiago ari direlako eskolan, hainbat irakasle eta 700 lagun inguru. Aurkezpenean bietatik egon da, orain artekoari eta geroari buruzko aipamenak: Zabaleta auzoan hasi zenetik egindako lanari goraipamenak eta etorkizunean lanean jarraitzeko asmoak.
Joxe Mari Agirretxek hamabostaldiaren programa betea eta eskolan denetarik dagoela aipatu du, ikastetxe guztietan dagoela talderen bat, solaskideek ere badutela, eta adin tarte guztietakoak ari direla antzerkian edo dantzan gainera, haur, gaztetxo, gazte, heldu eta zahar.
Boris Nogalesek Kukuka zoriontzearekin batera, emanaldi batzuek Manuel Lekuonatik aterako direla eta eskaintza deszentralizatu egingo dela azpimarratu du.
Pablo Barriok bere eskizofrenia azaldu du aurkezpenean alde batetik prentsaren aurrean alkatea dagoelako baina bestetik Pablok Kukukan segitzen duela, eta “zoroetxean bukatzen” ez badu antzerkiaren alde horretara itzuliko dela agindu du.
Antzerki eta dantza hamabostaldia 14tik 25era egingo da, eta Kontxu Iartzak azaldu duenez Antzerki Eskolan ari diren talde guztiak taularatuko dira. Dantzan ere talde asko direnez batean ezin eta bi emanaldi egingo direla aurreratu du Maider Oiartzabal arduradunak, maiatzaren 20an eguerdian euskal dantzak eta sorkuntza, eta arratsaldeko 19:00etan dantza garaikidea .
Eta bukatzeko maiatzaren 26an ospakizun handi bat egingo da. Goizean Kukukaren talde ezberdinen kalejira koloretsua egingo da, aurten berezia musika zuzenean joko dute eta Trikihots taldekoek, bazkalaurretik erromeria, bazkari herrikoia, ondoren kantuak, batukada, Añorgako antzerki taldearen emanaldia, ipuin kontaketa, kale animazioa, eta gauean kontzertuak, The Garajekuak, Gaueko Itzalak eta Trikihots taldeekin.