11_“La Lechuga” antzezlana eta zine saioen amaiera

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 11

Gaur 20:30ean “La Lechuga” antzezlana izango da Manuel Lekuona kultur-etxean. Glu Glu produkzioak-en eskutik dator eta Gorka Aginagalde, Gurutze Beitia, Mari Cruz Melgosa, Galder Perez eta Gabriel Ocina aktore ezagunak izango dira oholtza gainean.

Komedia batekin datoz oraingoan, “La Lechuga”, César Sierra idazle eta zuzendari argentinarrak idatzitako lanarekin. Honakoa arrakasta handiarekin estreinatu zen New York, Miami, Txileko Santiago, Chicago edota Buenos Airesen besteak beste.

Komedia beltza
Txilen bizi den Rosita Nicolet antzerki aktore eta zuzendariak gidatuta, Glu Gluren ekoizpen hau maila ertaineko hainbat familiaren arazoa erakusten du.
Martinez familia da protagonista. Koman bederatzi urte daramatzan aitaren urtebetetzea ospatzeko elkartzen da familia guztia euren harreman txarra nolabait ezkutatu nahian.
Tentsio uneak biziko dituzte protagonistek izan ere, euren arteko arazoak azaleratuko dira.
Sarrerak leihatilan 6 eurotan egongo dira eta Interneten 5 eurotan.

Zine saio arrakastatsuak
Bestalde, herriko eskaintza kulturalari dagokionez azpimarratzekoa da zinema ikasturteari amaiera emango zaiola igande honetan.
Urtarriletik lehen aldiz ostegunetako filmak igandetan ere programatu dira eta oso harrera ona izan du honakoak herritarren artean.
Departamenduko zuzendaritzatik jakin arazi dutenez, hilabete hauetan, maiatzako ikuslegoa kontutan hartu gabe, oraindik zenbatu gabe dago, zinera hurbildu den ikusle kopurua ia bikoiztu egin da, zehazki 749 pertsona izan dira Manuel Lekuonan egindako saioetan.
Datu hauek ikusita Boris Nogales zinegotziaren hitzetan “argi dago emaitza hauekin hurrengo ikasturtean ostegun eta igandeko saioekin jarraituko dugula”.

Udako zine zikloa
Bestetik Nogalesek aurreratu nahi izan du “Okendo Zinema Taldearekin lanean ari gara Udako Zine Zikloa berreskuratzeko. Uztailean kalean bi zine saio egiteko asmoa dugu”.
Oraindik zehazteke dute non izango diren udako proiekzio hauek izan ere, Okendo plaza berria izan daiteke aukeretako bat edota Loidibarrengo frontoia. Herritar askok gogoratuko duten moduan, honako zine proiekzioak Okendo zaharreko frontoian egin ziren urtetan arrakasta handiz.