Hiri hondakinen kudeaketa aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 11

Lasarte-Oria Bizirik taldeak hiri hondakinei buruzko jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 12tik 19ra bitartean. Hitzaldiez gain, herriko zenbait edukiontzi-gunetatik bisita gidatua antolatu dute herriko hondakinak biltzeko sistema ezagutzeko eta Usurbilera ere irteera atez-atekoa bertatik bertara ikusteko.

Lasarte-Oria Bizirik taldeak maiatzaren 12tik 19ra bitartean “Zaborrak: serio hitz egin dezagun” jardunaldiak antolatu ditu herrian. Hitzaldiez gain, hainbat dira prestatutako ekimenak.
Lasarte-Oria Bizirik taldeak hainbat urte daramatza gure ingurunean zaborrak errausteko planta bat eraikitzeko asmoaz ohartarazten eta euren helburu eta aldarria hondakinak beste modu batera kudeatzearen alde egitea da. Taldearen ustetan “errausketa osasunerako kaltegarria, garestia, eta inondik ere behar ez den sistema da eta saihestu beharrekoa dela defendatzen dugu”.
Horrela zaborrarekiko orain arte nola jokatu den ikusi eta aurrerantzean nola kudeatu behar den aztertzeko antolatu ditu jardunaldiak.

Bihar, proiekzioak
Bihar, larunbata, izango da lehen saioa eta “kontsumismoa eta hondakinak” izenpean, bideo emanaldia izango da Okendo plazan 16:00etatik aurrera.
Asteartean, maiatzak 15, Usurbilen eta Hernanin bizi diren Andoni Castro, Itxaso Muguruza eta Igor Muñoa lasarteoriatarrekin solasaldia izango da Villa Mirentxun 19:00etan. Honetan gertutik atez-atekoarekin izandako esperientzia ezagutu ahal izango da.
Asteazkenean berriz, “Errausketa ala zabortegiak: gezurrezko dilema” hitzaldia eskainiko dute Kepa Olaiz eta Juanmi Galatas, Errausketaren aurkako plataformen koordinakundeko kideek. Hau ere Villa Mirentxun izango da 19:00etan.
Bisita gidatua
Ostegunean Nerea Sanchez ingurumen zinegotziak gidatuta, Lasarte-Oriako hondakinak biltzeko sistema hizpide, herriko zenbait edukiontzi-gunetatik ibilbidea egingo da. Hitzordua Udaletxeko arkupeetan izango da, 19:00etan.
Larunbatean berriz, Usurbilera antolatu da irteera bertan egiten den atez-ateko sistema ezagutzera. Usurbilen, udaletxean 8:45ean da hitzordua eta herrian 8:10etan Tajamar (Euskotren) errotondan dagoen autobus geltokian Usurbilera elkarrekin joateko.
Lasarte-Oria Bizirikeko kideek jardunaldien garrantzia azpimarratu dute eta herritarrak hauetan parte hartzera animatu nahi izan ditu.