Zaintzaileentzako formazio jardunaldiak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 11

Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Immigrazioa, Enplegua, Kooperazioa eta Emakumea departamentutik formazio-jardunaldiak antolatu dira hurbileko ahaideekin zaintzaile-lanak egiten ari diren pertsonentzat. Udaletik uste dute “zainketa onak bermatu ahal izateko, garrantzizkoa dela behar den informazio guztia edukitzea horrela baliabide hoberenen onurak jaso ahal izateko”.

Formazioak aste beteko iraupena izango du eta maiatzaren 21etik 25era bitartean egingo dira Villa Mirentxun. Egun bakoitzean, zainketekin zerikusia duen gai bat landuko da eta hauetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da.

Egitarau zabala
Maiatzaren 21ean, lehen saioa izanda, osasun zainketak izango dira hizpide. Hau gidatzeaz Lasarte-Oriako anbulatorioko erizainak arduratuko dira. Hauek etxebizitza batean eskaini daitezken oinarrizko osasun-zainketen gainean arituko dira.
Maiatzaren 22an berriz, laguntza teknikoak izenpean, gaur egun zaintza hauek errazten dituzten produktu eta tresnei buruz hitz egingo da. Aldi berean hauek nola erabiltzen diren ere azalduko da, gurpil-aulkiak, garabiak, ohe egokituak besteak beste izango dira aztergai honetan.
Maiatzaren 23an, gizarte baliabideak izango dira abiapuntua. Udaleko gizarte langileek emango dute hitzaldia eta zaintzaileentzat nahiz menpekotasuna duten pertsona hauentzat erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta laguntzen inguruan hitz egingo dute.

Legedia ezagutu
Maiatzaren 24ean legea izango dute hizpide. Hurkoa Fundazioko kideek emango duten hitzaldian hainbat izango dira jorratuko dituzten gaiak: pertsona baten ezintasuna legalki aitortzeko prozesu judizialak, tutoretzak, halakoak eskatzea komeni den ala ez nola baloratu behar duen familiak besteak beste.
Jardunaldien azken saioa maiatzaren 25ean izango da, ostirala, eta sostengu psikologikoa izenpean, zaintzailea zaintzen espezializatutako psikologoak eskainiko du hitzaldia.
Zaintzailearen egoerak duen garrantziaz arituko da eta honekin batera sostengu-taldeek eman dezaketen laguntza psikologiko onuragarriaz. Izan ere, prozesu berdina bizitzen ari diren pertsonekin harremana izateak asko lagun dezake. Esperientziak komunean jartzea oso ona izan daiteke batez ere zaintzailea bakarrik senti ez dadin.

Izena ematea
Jardunaldiak Villa Mirentxun egingo dira 15:00etatik 17:00etara. Plaza mugatuak dira eta hauetan izena emateko azken eguna astelehena, maiatzak 14 izango da.
Eskaera Gizarte Zerbitzuetako administrazioan egin behar da 9:00etatik 13:00tara bitarteko ordutegian. Informazio gehiago eskuratzeko bertan edota 943 376 179 telefonora deitu daiteke.