Berradiskidetzea helburu

Nerea Eizagirre 2012ko maiatzaren 11

Danok Kide elkarteak Balioetan Hezi jardunaldiak antolatu ditu astelehenetik ostegunera Manuel Lekuona kultur-etxeko hitzaldi aretoan. Aurten “Bizikidetzaren berradiskidetzea, pertsona eta gizarte mailan dagokiguna” izan du gaia hitzaldi zikloak eta berradiskitzeari buruz mintzatzeko, Baketik taldeko Pello Sarasua izan da Manuel Lekuonan.

Bizikidetza eta berradiskidetzea izan dira aurten Danok Kide elkarteak antolatzen duen Balioetan Hezi hitzaldi zikloan landu diren gaiak.
Pello Sarasuak eskaini dituen lau hitzaldietan bi kontzeptu hauek pertsonengan eta gizartean duten garrantzia aztertu da.
Sarasuak azaldu zuenez, hitzaldi ziklo honek bi helburu izan ditu, batetik ideiak elkarbanatu, hau da, guztiek hitzak, ideiak eta kontzeptuak berdin ulertzea eta bigarrenik, masa kritikoa sortzea.
Horregatik, Baketik elkarteko kideak esandakoa entzuteaz gain, herritarrek haien iritzia eman ahal izan dute hitzaldien ostean egin diren solasaldietan.

Pertsonatik gizartera
Hitzaldietan pertsonalki bakoitzak zer egin behar duen, Euskal gatazkari dagokionez gizarteak nola jokatu behar duen eta sufrimenduaren gaiari buruz mintzo zen.
Oinarri bezala Pello Sarasuak pertsona, gatazka, berradiskitzea eta biziz ikasi puntuak jorratu zituen.
Pertsona aztertu zuen. Honen hobetze nahiak aipatu zituen eta hobetzeak zer esan nahi duen azaldu zuen, “bizi eta elkarbizi bizitza hobea izateko. Hau guztia, giza duintasunean oinarrituta”.
Pertsonek dituzten barne gatazkak ere aipatu zituen, “autokritika gutxi dago eta pertsonek bere buruari gezurra esaten diote”.
Baketik elkartearen ikuspegitik, berradiskitzea zer den ere azaldu zuen eta pertsona edo gizartea arlo honetan hobetzeko proposamenak egin zituen.
Besteak beste, Euskal Herriko gatazka politikoan murgildu zen asteazkenean. Eta hau edo edozein gatazka konpontzeko egin beharreko pausuak azaldu zituen.
Azkenik, atzo arratsaldean, gatazkak sortzen duen sufrimendua aztertu zuen. Izan ere, azpimarratu zuen bezala, berradiskidetzearen oinarrietako bat gatazkan dauden guztien sufrimendua ulertzea da.