Landaberri ikastolako atleta gazteak dominak eta trofeoak metatzen doaz azken asteetan.
Lehengo igandean, maiatzaren 6an, Irunen izan zen eskolarteko taldekako Gipuzkoako txapelketan hirugarren postua lortu zuten eta errelebuan bigarren postua.
Eneritz Busto, Nerea Diez, Amaia Harto, Oihana Igarriz, Idoia Olasagasti, Garazi Santesteben eta Aroa Sotomayorrek osatu zuten taldea.
Amaia Andres entrenatzaileak azaldu zigunez, “taldea egiteko Sasoeta-Zumaburuko ikasleak hartu behar ditugu”.
Helburua lortu zutela aipatu zigun, baina atsekagea erakutsi zuen lehenengo bi ikastetxeak Euskadiko Jokoetarako sailkatu direlako.
“Hurbil geratu gara. Hala ere, gazteak dira eta hurrengo urtea ere badute hobetu eta jokoetan egoteko,” adierazi zuen.
Beste emaitzak
Bestalde, banakako jardunaldietan ere emaitza onak lortzen ari dira gazteak.
Apirilaren 22an, Tolosan izandako jardunaldian, infantil mailan Oihana Igarrizek pisuan Gipuzkoako txapeldun izatea lortu zuen eta jabalina jaurtiketan, 6. postuan amaitu zuen.
80 metrotako lasterketan eta luzera jauzian, Idoia Olasagasti txapeldun orde izan zen. Eta Eneritz Bustok 4. postua eskuratu zuen luzera jauzian eta pisuan.
Atletismoaz gozatzen
Honetaz gain, Landaberriko 97 eta 96 urtean jaiotako taldeak Valentzian lortutako hirugarren postuari buruz ere mintzo zen Amaia Andres. “Ez zaio garrantzia handirik ematen, baina Estatu osoko 8 ikastetxe izan ziren lehian. Euskadiko bakarrak ginen”.
Emaitza hau taldeko txikientzat motibazio handia zela ere aipatu zuen, “gauzak ongi eginda eta entrenatzen, kanpora atera eta emaitzak egiten direla ikusten dute”.
Izan ere, entrenatzaileak aipatu zigunez, “taldea lantzen dugu, atletismoa bakarkako kirola baldin bada ere. Nire ustez hau eragozpen bat da kirola egiteko. Gu taldean joaten saiatzen gara. Horrela entretenigarriagoa da haientzat”.
Gainera gurasoei, ikastolari eta eskola kirolean lanean daudenei eskerrak eman nahi izan zizkien, oinarrizko kirolean egiten den lanarengatik.
