Jende andana bildu da Okendo Plazan Bonberenea Txarangaren kalejiran parte-hartu eta "Motxila 21" taldearen kontzertua ikusteko.
Goizean goizetik hasita, giro paregabea jarri dute herritarrek Tolosatik etorritako Bonberenea Txarangarekin batera egindako kalejira musikatuan. Eguerditik aurrera berriz, down sindromedun neska-mutilek osatutako "Motxila 21" taldea kontzertua eskaintzen ari da Okendo Plazan, Enrique Villarrean "El Drogas"-en laguntzarekin. Arratsaldean berriz, Pirritx, Porrotx eta Mairimototsen "Zazpikoloroa" ikuskizunaren bi emanaldi izango dira kultur-etxean, 16:30etan eta 19:00etan hain zuzen. Gauean berriz, Deabru Beltzak taldearen "The Wolves" kale-antzerkia izango dute ikusgai lasarteoriatarrek. Momentuz lainotuta egon arren, eguraldiak errespetatu egin ditu eta herritarren erantzuna paregabea ari da izaten, jende oldea bildu baita bai kalejiran eta baita "Motxila 21"-en kontzertuan ere. Arratsaldean eta gauean festak ez du etenik izango, pailazoen emanaldia eta kale-antzerkia izango baitira Lasarte-Orian.
Giro itzela jarri du "Motxila 21" taldeak, Enrique Villareal "El Drogas" eta herriko pailazoen laguntzaz.