Futbol denboraldia amaitzear da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 13a

Futboleko 2011-2012 denboraldia amaitzear da. Maila gehienetan partida bakarra falta da eta Ostadar Saiarre Kirol Taldeko eta Texas Lasartearra elkarteko hainbat taldek maila igoera lortu edo kopako finala jokatzeko aukerak dituzte.

Ostadarreko infantilek gertu eduki dute kopako finalerako sailkapena, baina Lengokoak erraz nagusitu zitzaion 0-4ko emaitzarekin.

Lasarte-Oriako futbol taldeek denboraldiko azken jardunaldiak jokatuko dituzte aste honetan eta igoera edo kopa jokoan dute horietako batzuk.

Ostadarreko Infantilen Ohorezko mailako taldea kopa jokatzen ari da.
Asteburu honetan bere taldeko lehenengo sailkatuaren aurka jokatu du, Lengokoak-en aurka.

Partida baino lehen herriko taldea taldea bigarren postuan zegoen. Lengokoak-ek bi puntuko errenta ateratzen zion eta irabaziz gero, lehenengo jarri eta hurrengo astean txukun arituz gero kopako finala jokatzeko sailkatzeko aukera zuen.
Ez zen halakorik gertatu ordea. Lengokoak-ek jipoi handi samarra eman baitzion Michelinen (0-4) eta ondorioz finaletik at geratu baita.

Baina ez zen hau kopako finaletan egon zitekeen talde bakarra. Texas Lasartearrak-eko erregional taldeak iaz lortutako trofeoa mantendu nahi baitu.
Koldo Ageitosek zuzentzen duen taldeak berriro ere kopako azken faserako sailkatzeko aukerak dauzka, baina zail jarri zaio larunbatean Añorgaren aurka bina berdindu ostean.
Bere taldeko bigarren sailkatu bezala ageri da partida baten faltan eta “Mariño B”-k azken jardunaldian egiten duenaren arabera lortuko du txartela, edo ez. Sailkatuz gero, beste taldeko lehengoaren aurka jokatu beharko luke final handia maiatzaren27an.

Igoera postuak

Honetaz gain, Kadeteen Ohorezko mailako taldea Euskal Ligara igo daiteke zuzenean, partida baten faltan sailkapeneko lehen postuan da eta.
Ostadar Erregional taldeak, berriz, aste honetan eman dio amaiera denboraldiari.
Nahiz eta Mikel Martija eta Aiser Gorostegik zuzentzen duten taldeak igoera zuzena lortzeko ahalegin guztiak egin, ezin izan du Touring taldea atzeman.
Honela, Erregional Ohorezko mailara igotzeko aukera bigarren postua eskuratzea da. Partidak maiatzaren 27an eta ekainaren 3an jokatuko ditu.
Era berean, Emakumezkoen taldeari dagokionez, Arizmendi taldearen aurka ligako 9. postua jokatzen ari da.

Areto-Futbola

Bestalde, herriko areto futboleko txapelketak baditu bi finalistak hurrengo astean jokatuko den final handirako. Buenetxea eta Txindokiren arteko norgehiagokatik aterako da aurtengo txapelduna.

Finalerdiak

Ostiralean, finalerdietako itzulerako partiduak jokatu zituzten kiroldegian finalerako bi txartelen jabeak erabakitzeko.
Txindoki nagusitasunez gailendu zitzaion Izkiña tabernari, 5-0eko emaitzarekin. Buenetxea eta ISUk berriz, joaneko eta itzulerako partiduetako emaitzak batuta bana egin eta penaltietan erabaki behar izan zuten norgehiagoka. Zortea Buenetxearen alde agertu eta bera pasa zen finalera.