Michelin enpresak, martxoaren 27an, Lasarte-Orian motorrentzako pneumatikoak egiteko instalazio berriak inauguratu zituen. Lau urteko birmoldaketa eta 80 milioi euroko inbertsioa behar izan dute aurrera ateratzeko.
Orain, Lasarte-Oriako fabrikako langileek aldi baterako enpresa erregulazioa ezarriko dietela jakin dute.
Neurri honen bitartez, maiatza eta iraila bitartean. enpresa frantsesean dauden 600 langiletik 500 inguru egun batzuetan etxean geratuko dira, 36 egun gehienez.
Gurpil handientzako pneumatikoen mintza prestatzen dituen tailer txikia izan da neurri honetatik kanpo geratu den bakarra.
Langileen ordezkariek adierazi dutenez, enpresak motoen pneumatikoen ekoizpena udan 17 egunetan etengo du.
Michelinek bere aldetik jakitera eman duenez, egun horietan langabezia ordainduko die eta enpresak osatuko du zati bat.
Negoziaketak
Egoera honen aurrean, Estatuko fabriketako langileen ordezkarien artean bi jarrera nagusitu dira.
UGT, CCOO eta CSIF sindikatuak negoziaketetan hasi ziren. Enpresak %70era arte osatzea eskaini duen bitartean, aipatutako sindikatuek %90eko konpentsazioa eskatu dute. Azken orduko negoziaketak tarteko, badirudi enpresak soldataren %80a ordainduko diela langileei aldi baterako enpresa erregulazioak irauten duen bitartean.
Bestalde, Lasarte-Orian nagusi diren LAB, ESK eta CGT sindikatuetako ordezkarien ustez, ezin da onartu etekinak dituen enpresa batek diru publikoa eta langileen soldata erabiltzea, salmentetan dituen gorabeherak berdintzeko edota ordaintzeko.
Udalaren adierazpena
Lasarte-Oriako Udalak Michelingo egoera dela eta, adierazpen instituzionala egin zuen ostiralean.
Bozeramaileen batzordean Bildu, EAJ eta LOPH alderdien onespena izan zuen testua aurkeztu zuen Pablo Barrio alkateak.
Azken urteeetan Lasarte-Oriako fabrikan izan den langile murrizketa aipatu zuen, “550 lanpostu zuzen eta 200 zeharkako”. Horregatik, herriko plantak izan duen garapenarengatik, udalaren ezinegona adierazi zuen.
Era berean, Udalaren sorpresa eta nahasmena agertu zuen, duela astebete, plantaren instalazio berrien aurkezpenera gonbidatua izan zela eta. “Ezin dugu ekidin, Udal honen planteamenduak ez diren beste xede batetarako erabiliak izan garen sentsazioa”.
Honetaz gain, “Fundacion Michelin-Desarrollo”-k sustatutako berrindustrializazio proiektua gogoratu zuen, “geldituta dago Eusko Jaurlaritzaren agindupeko erakunde den Sprilurrek erabilitako aurrekontu faltaren aitzakia dela eta”.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailera zuzendu eta proiektua desblokeatu dezan eskatu zuen, gure herrian dagoen langabezia tasa, %16, kontuan izaik.
