Semaforo berdea euskarari

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 14a

Buruntzaldeko Udalek asteazkenean aurkeztu zuten Gidabaimena Euskaraz egitasmoa Usurbilen. 2009tik martxan den ekimena bereziki 18 urte aurten betetzen dituztenei zuzenduta dago, baina Andoain, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lasarte-Oriako edonork atera dezake gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz eta zozketan parte hartu. Eskualdeko beste autoeskolekin batera herriko Izarra, Mugica eta Lasarte eskolek parte hartzen dute kanpainan, 2012 urtean zehar gidabaimena euskaraz atera dutenen artean zozketa egingo da eskola bakoitzean eta ikasleetako batek ez du atal teorikoari dagokiona ordainduko.

Aurkezpenean zenbait datu eman zituen Boris Nogales Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko buruak. 2010. urtean 47 lagunek parte hartu zuten ikastaroan, azterketa 47k egin zuten eta 34k gainditu. 2011.ean, aldiz, 94 lagunek egin zuten matrikula, 88 aurkeztu ziren azterketara eta 60k gainditu zuten.
Nogales-ek jakinarazi zuen lehenengo urratsak auto-eskolek zerbitzuak euskaraz emateko behar zituzten bitartekoak, liburu multimedia eta beste eskura jartzea izan zela, gaur egun Buruntzaldeko herri guztietan dagoela atal teoriko euskaraz egiteko aukera, baina oraindik alde handia dagoela azterketa gazteleraz egiten dutenekin alderatuta.
Horregatik eusten diote eskualdeko Udalek kanpaina honi. 18 urte aurten beteko dituzten gazte guztiei bidaltzen diete informazioa, eta auto eskola bakoitzeko ikasle batek atal teorikoa dohainik izango du. Gehienez 400 euroko sari baten zozketa egingo da gida baimena euskaraz atera dutenen artean urtearen amaieran.
Joxean Bengoetxea Gipuzkoako autoeskolen elkarteko buruak interesgarritzat jo zuen egitasmoa eta bere iritziz garrantzitsua da erakundeen laguntza ugaritzen ari baita azterketa euskaraz egiten dutenen kopurua, “ohiturarengatik” gazteleraz egiten dutenak oraindik gehiago diren arren.
Aurrera begira zer eginak badaudela argi geratu zen aurkezpenaren amaieran, Bengoetxeak atal praktikoa ere euskaraz egiteko bidea irekitzen ari direla esatean.