Udal Gobernuak adostasun asmorik ez duela salatu du PSOEk

jon-altuna-iza 2012ko maiatzaren 14a

Michelin enpresako enplegu erregulazioari buruzko iritzia eman du gaur goizean PSOEko udal bozeramale Jesus Zaballosek. Batetik kezka azaldu du erregulazio “basati” horrengatik, bestalde Udal Gobernuak erantzun bateratua emateko borondaterik ez duela salatu eta azkenik Jaurlaritzako Industria sailari eta SPRILUR erakundeari industrialdeak bultzatzeko eskatu dio. “Lasarte-Oriak langabezia tasa handia du eta konponbideak bilatu behar dira”. Bere ustez ez da nahikoa izango Michelin-2 proiektuarekin eta Teresategin ere jarri beharko litzateke industrialdea.

Udalean PSOEren ahotsa isildu nahi dutela salatu du goizean Jesus Zaballosek
Udal Gobernuan diren Bildu, PNV eta Herritar Plataformaren jokabidea salatu du Jesus Zaballos PSOEk Udalean duen bozeramaleak. Bere ustez, herritarren parte hartzea aldarrikatzen dute auzoz auzo edo jaiak antolatzeko bilera irekiak eginez, baina gero “herriak hauteskundeetan aukeratutako ordezkariei eta alderdiei parte hartzea ukatzen ari dira. Ostiralean Michelingo enplegu erregulazioari buruzko bileran ez zuten adostasuna bilatzeko urrats bat ere eman”.
Zaballosek prentsaren aurrean salatu du, “gaur egun PSOEk aurkezten duena aurkezten duela, Bilduk bere sozioekin batera aurkako bozka emango du eta beti proposamen alternatiboa egingo dute PSOEren ahotsa isiltzeko helburuarekin”. Zaballosen ustez honek erakusten du alderdi hauen koherentzia falta, lehen PSOEri leporatzen zioten jokabide berdina dutelako. “Jarrera hori 25 urtean PSOEk izan duena baino askoz okerragoa da gaur. Horri eusten badiote PSOEren erantzuna izango dute. Gure mozio eta proposamenak aurkezten jarraituko dugu kontuan izanik hauteskundeetan boto gehien jaso zuen alderdia izan zela”.
Michelingo langileen kasuari buruz Zaballosek esan du ondo iruditu zitzaiola alderdi guztien adostasuna bilatzeko astearteko plenoan Bilduk egindako proposamena, baina ostiraleko alderdien bileran ezustekoa hartu zuela, Bilduren proposamenak ez zuelako erregulazioarekin zerikusirik eta beraz ez zuelako adostasunik ekarriko.
Zaballosen ustez, ulergarria da Pablo Barrioren ezinegon edo haserrea Michelinen inbertsio eta instalazio berrien inaugurazioan alkatearen irudia erabili egin zutelako, erregulazioaren berririk eman gabe, baina batak bestearekin zerikusirik ez duela uste du, hau da, lasai parte hartu daitekeela inaugurazioetan eta erregulazioak salatu.
Zaballosek esan du mozioa langileen egoerak kezkatuta aurkeztu zutela, Udalak kezka hori langileen ordezkari eta enpresaren zuzendaritzari helarazteko. Era berean Udalari eskatzen zion bi parteekin hartuemanetan jarri dadila, konponbidea lehenbailehen adosteko bitartekari lana eginaz.
Bestalde, prentsaurrekoa baliatu du Zaballosek esateko pozgarria dela azkenean akordioa izan dela langileen ordezkari eta enpresako zuzendaritzaren artean erregulazioa adostu eta onartzeko.
Azkenik, Zaballosek Udalaren gardentasun falta salatu du informazioa ukatzen zaiola adieraziz. Pablo Barrio alkateak ekainetik argitaratzen dituen dekretuak eskatu arren ez dituela jaso salatu du PSOEko buruak.