Mikrokontakizunak literatur lehiaketan

maider-azurmendi 2012ko maiatzaren 14a

Juantxi Ugarte, Xabier Goitia teknikariek eta Boris Nogales Kultura zinegotziak 2012ko literatur lehiaketaren aurkezpena egin dute Manuel Lekuona kultur-etxean. Bi lehiaketa ezberdin dira, bata haur eta gazteei zuzendutakoa eta bestea helduena, lehenak aurten 25 urte betetzen ditu eta bigarrenak 26.

Haur eta gazte lehiaketan parte hartzeko bi kategoria daude ohi bezala poesia eta ipuina biak euskaraz eta gaztelerazko taldeekin. Adinaren arabera honako banaketa egiten da, A kategorian 9 urte dituzten haurrak, B kategorian sartzen dira 10, 11 eta 12 urtekoak eta C kategorian berriz, 13, 14 eta 15 urtekoak. Saria 150 eurokoa izango da irabazleentzat. Diru sariarekin batera, liburuak erosteko bonoa ere jasoko dute garaileek.

Honako lehiaketa bereziki zuzenduta dago herriko haur eta gazteentzat eta horregatik herriko ikastetxeekin lantzen da parte hartzea. Hala ere, "herrikoak diren haur guztiek har dezakete parte, nahiz eta Donostian ikasi adibidez".

Berrikuntzak

Helduen lehiaketari dagokionez, aldaketak daude aurtengo edizioan izan ere, poesia eta mikrokontakizunak dira lehiatzeko bi kategoriak, azken honek ipuinak ordezkatu ditu. "Mikrokontakizunetara egin dugu salto ipuinetatik" aspaldiko eskaera zela azpimarratu du Nogalesek lan motzagoak nahi zituelako jendeak.

Horrela gehienez 1.500 karaktere dira idatzi beharrekoak kategoria honen baitan eta bi maila sortu dira. Bata izango da gazteena, 16-30 urte bitartekoena eta bigarrena, 30 urtetik gorakoentzat. Irabazleek 500 euro eskuratuko dituzte. Lasarte-Oria saria banatuko da honetan eta 150 eurokoa izango da. Honakoa herrian erroldatutakoen artean banatzen den saria da. Euskaraz zein gazteleraz aurkeztu ahal izango dira lanak. Kasu honetan lanak emailez onartuko dira eta horretarako honako bi helbideak jarri dituzte martxan: mikrokontakizunak@lasarteoriasarean.eu edota microrrelatos@lasarteoriasarean.eu.

Poesia lanak bestalde, euskaraz eta gazteleraz aukez daitezke eta sariei dagokienez, irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu eta Lasarte-Oria sariarentzat 300 euro izango dira.

Lanak ohi bezala postaz edota Manuel Lekuonara ekarrita aurkez daitezke. Lehiaketaren oinarriak lasarteoriasarean.eu-n daude eskuragarri.

Dirua nahiago

Kultura sailetik gogoratu nahi izan dute sare sozialen bitartez, lehiaketa honetan eman beharreko sarien inguruko galdeketa egin zela eta gehiengoak, %80tik gora, dirua aukeratu zuela sari moduan. "Ipad, tablet-ak zeuden aukeran galdeketa honetan baina emaitzak ikusita, saria dirutan ematen jarraitzea erabaki genuen" azpimarratu du Boris Nogalesek.