Euskal presoen eskubideen alde, Goazen plazara

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 15a

Herrira ekimenak larunbatean "Goazen plazara" lemapean Euskal Herriko plazetara bere aldarrikapenak kalera aterako ditu. Lasarte-Orian, Okendo plazan izango dira ekitaldiak goizeko 11:00etatik gaueko ordu txikiak arte.

Sokari tira eginez, guztien laguntzaz eta tinko eutsiz eskaerak lortuko direla adierazi nahi izan zuten Herrira-ko kideek.
Azken hilabetetan Euskal Herrian euskal preso politikoen eskubideak bermatzearen aldeko hainbat ekitaldi jendetsu izan dira. Hauetan, Herrira-ren aldarrikapen nagusia Euskal presoen eskubideak errespetatzea izan da. Eskaerak honek Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun sendaezina duten presoak askatzea, espetxe-politikak egokitzea eta bizi osorako espetxe zigorrak bertan behera uztea ditu bere baitan.
Baina Espainiar eta Frantziar Gobernuek ez dute pausorik eman eta ez dute kartzela politika aldatu.
Horregatik, herritarrak batuta, espetxeetako giltzak dituztenei jarrera aldatzera bultzatzeko Herrira-k "Goazen plazara" ekimena jarri du martxan eta larunbatean. Maiatzaren 19an, Euskal Herriko plaza ugaritan izango da bere eskaerak jakitera emateko.

Ekitaldiak

Lasarte-Orian ere hainbat ekintza izango dira Okendo plazan. Herrira-ko kideek astelehenean egun osoko egitaraua, goizeko 11:00etatik gaualdera arte, aurkeztu zuten. Herri kirolak, manifestazioa, mosaikoa, Joxe Balerdiri omenaldia, herri bazkaria, mus txapelketa, globo aerostatikoa eta kontzertuak izango dira Okendo plazan.
Herritarrak gonbidatzen dituzte ekintzetan parte hartu eta haien elkartasuna adieraztera.