Egutegia begiratuz gero begi bistakoa da maiatza erdi bidean dagoen neurrian ekaina ate joka ari dela, nahiz oraindik ere kolpe txikiak jo. Egutegiaz apartean badabiltza giroan lasarte-oriarrontzat hain berezia den hilabetearen zantzuak.
Horien artean, eguraldia hobetzea, gora-beherak gora-behera, eta horrek berarekin dakarrena, besteak beste, herriko tabernen terrazak jendeztatzea.
Horretan zenbait animalia bezelakoak gara, ez galdetu zeintzuren antzekoak. Badira, neguaren ostean eguzki izpiekin batera burua kobazulotik ateratzen dutenak, eta printzak gehitzen diren ahala gorputz osoko dantzan naturara ateratzen direnak. Gu, gizarteratu egiten gara, kalera egiten dugu, plazara, terrazara, giza artera, esan bezala.
Eta hor oraindik zuri dauden beso eta zangoak erakusteaz gaitera, elkarren berri jakiten dugu, ia-ia neguan nor berean eta nor berera aritu izan bagina legez.
Oskorrik Kausinoren Liburua kantuan dioen bezela, urre gorria baino hobea den "alegrantzia" nagusitzen da.
Eta telebista jarriz gero, Roland Garroseko irudiak goizean goizetik, azterketa garaian, ekainean beraz, ikasketak une batez alboan uzteko aitzakiarik onena izaten dira.
Badu ekainak gure barruan halako aisialdi-lurruna, txikitaik txertatu zaiguna, oporren atariko hilabetea izanik, hilabeterik onena, oraindik ere oporrei kendu gabeko egunen bistadizoaren lurruna.
Eta ez nintzateke lasartear tajuzkoa gauza guztien gainetik herriko festak aipatuko ez banitu. Eta barkatu, baina lasartear naiz oso.
Ekaina agurretan hasten denean, hor bai, dugun guztia ematen dugu, eta asko da oraindik.
Ekainaren zai jarrita nago beraz, orain artean argi geratu ez bazaizue.