Elkartasun olatua Okendon

jon-altuna-egitegi 2012ko maiatzaren 19a

Maiatzaren 19an plazak betetzeko deialdia zabaldu zuen Herrira ekimenak Euskal Herri osora. Lasarte-Oriako Okendo Plaza ez zen gutxiago izan eta presoekiko elkartasuna adierazi zuten lasarteoriatarrek egun honekin bat eginez. Goizean herri-kirolak izan genituen; eguerdian manifestazioa, Joxe Balerdiri omenaldia eta mosaiko erraldoia egin zituzten. Eguraldi txarrak hainbat ekintza bertan behera utzi baditu ere, ezin izan du herritarren elkartasun oihua isildu.

Euskal Herriko plaza askotan bezala, Okendon ere argazki erraldoia atera zuten presoei babesa emateko.
Goazen Plazara" ekimenak helburu askori heldu nahi izan die maiatzaren 19an. Besteak beste, Parot doktrina atzera botatzea, bizi osorako kartzela zigorra gaitzestea, gaixo larrien etxeratzea eskatzea eta presoen eskubideen errespetua aldarrikatzea izan ditu xede elkartasun ekimen honek.

Manifestazioa eta mosaikoa

Goiza indartsu hasteko, herri-kirolak izan ziren Okendo Plazan, Zubieta eta Lasarte-Oriako gazteak nor baino nor aritu ziren, lokotxetan, trontzan...
Ostean, manifestazio jendetsua egin zuten herriko kaleetan barrena, ehundik gora lagun bildu ziren “Euskal presoak Euskal Herrira, Bizi osorako espetxe zigorrik ez!!! Gaixo dauden presoak herrira”, zioen pankartaren atzean.
Behin manifestazioaren ibilbidea bukatuta, Euskal Herriko plaza guztietan bezala, Lasarte-Orian ere argazki erraldoia atera zuten presoak herriratzeko eskatuz.
Ehundik gora lagunek manifestazioa burutu zuten herrriko kaleetan barrena.


Joxe Balerdiren argazkiaren aurrean, herritarrek larrosa zuriak ipini dituzte.
Joxe Balerdiri omenaldia

Eguneko momenturik hunkigarriena herritarrek Joxe Balerdi, Juankar Balerdi presoaren aita zendu berria omendu zutenekoa izan zen.
Hainbat herritar Okendoko oholtzara igo eta larrosa zuri bat utzi zuten bere argazkiaren aurrean, gainontzeko herritarren txalo artean.
Ostean, Beñat Iriondok testu bat irakurri zuen Herriraren izenean, presoen eskubideak errespetatzeko eskatu eta sakabanaketarekin amaitzeko exigituz.

Bazkaria eta kontzertuak

Eguraldi txarrak hala behartuta, Okendon egin beharreko herri bazkaria Xirimiri elkartean egingo da eta Makulu Ken eta Aurka taldeen gaueko kontzertuak bertan behera geratu direla adierazi dute ekimen honen antolatzaileek.