Euskaraz ikasi ikastolatik at

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 21a

Buruntzaldeko Udalek 2012-2013 ikasturtean Lanbide Heziketa zikloak eta Batxilergoa euskaraz ikasteko aukeren berri eman zuten ostiralean Usurbilen eskainitako prentsaurrekoan. Era berean, lanbide heziketarako ikasmaterialak euskaratzeko laguntzen berri ere eman zuten.

Ikasturtea amaitzear dago eta DBH4 ikasten duten gazteek Batxilegoa edo Lanbide Heziketa zikloa egingo duten erabakiko dute. Hauei laguntzeko, Buruntzaldeko Udalek gure eremuan euskaraz ikasteko dauden aukera anitzak aurkeztu zituzten ostiralean.
Alaitz Aizpurua Usurbilgo euskara zinegotzia, Ainara Rodriguez Andoaingo alkateordea eta euskara zinegotzia, Koldo Ulanga Usurbilgo GLBHI-ko ordezkaria eta Manu Agirre Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxeko irakaslea izan ziren aurkezpena egin zutenak.
Prentsaurrekoan Udala eta ikastetxeean arteko elkarlanaren balio azpimarratu zen.
Izan ere, Ainara Rodriguezek aipatu zuen legez, 10 urte dira Buruntzaldeko DBH ondorengo ikasketetan euskararen erabilera hobetzeko plana onartu zenetik.
“Gure eskualdean goraka joan da bai batxilergoen, baita lanbide heziketa zikloetan ere ikasketak euskaraz egiten dituztenen kopurua. Hori poztekoa da. Baina oraindik bada, zer hobeturik,” adierazi zuen.

Esperientzia
Koldo Ulanga eta Manu Agirrek lanbide heziketa zikloen berri emateaz gain, haien ikastetxeetan ematen ari den bilakaeraren berri eman zuten, hala nola, ikasleen eskaera handitu dela eta irakasleen prestakuntza euskaraz egiten dutela ere.
Gainera, enpresekin ere praktikak euskaraz egiteko lan egiten dutela azpimarratu zuten.

Eskuorria
Era berean, Udalek ikastetxeei ikasmaterialak euskaratzeko ematen dizkieten dirulaguntzei buruz ere mintzo ziren prentsaurrekoan.
Honetaz gain, 1996 edo 1995 urteetan jaiotako gazteei etxera Buruntzaldeko herrietako eskaintza zehatza azalduz esku orri bat bidaliko zaiela jakitera eman zuten.
Eta adin honetako ikasle eta haien gurasoak animatu nahi dituzte ikasketak euskaraz egiten jarrai ditzaten.